"Osabarentzat bere bizitza zen Billiken, liburuz osaturiko lubaki bat"

Ekaitz Herrera 2024ko urr. 9a, 19:45

Larrea familiak ANBOTOri utzitako argazkiak.

Badira herritarren iruditegi kolektiboan miresmen bezainbeste sinpatia sortzen duten herritarrak. Eta zalantza barik, zornotzarren artean, Eduardo Larrea dendaria izan da horietariko bat. Larrea atzo hil zen, eta beragaz batera amatatu zen Zornotzako erdigunean dagoen Billiken paper eta liburu-denda mitikoa. Betikoa, etxepekoa. Izan ere,  gutxi izango dira Eduardorenean eta Kontxirenean noiz edo noiz libururik, aldizkaririk, eskola materialik, aterkirik edo egunkaririk erosi ez duten zornotzarrak. Xarma eta magia darion denda historiko baten kontakizuna da honako hau, Eduardoren, Kontxiren eta Billiken dendaren familiako kideek eta gertukoek ANBOTOri kontatua.

1973-1974an hasi zen guztia, Eduardo eta Kontxi Larrea neba-arrebek Billiken liburu-denda zabaltzea erabaki zutenean. Ez zuten negozioa hutsetik sortu, liburuz beteriko denda baino lehen kafetegi bat egon zen-eta bertan, El Café de Teles modura ezagutzen zen Ibaizabal taberna. Eduardoren eta Kontxiren gurasoek izan zuten Ibaizabalgo martxaren ardura, gerraostetik 70eko hamarkadara arte, Angelak eta Telesforok. Baina 70eko hamarkadan, alkoholdun botilak liburuz aldatzea erabaki zuten familian. Eta Eduardok eta Kontxik umeentzako argitalpen batean oinarritu zuten negozio berrirako izena, Argentinan kaleratzen zen Billiken haurrentzako aldizkarian. Handik urteetara, Kontxi zendu zenean, Eduardo nebak hartu zuen dendaren ardura osoa. Atzora arte. Eduardo zendu zen arte. Ilobek, orain, "Kontxik eta Eduardok batera lan egin zuten giro alaia" gogoratuko dute beti. 

Liburu-denda baino lehen, kafetegi izan zen Billiken. Irudian, erdian, Eduardoren aita, Telesforo. (Argazkia: Larrea familia)

 

Izan ere, Billiken zerbait berezia izan da Zornotzan. Denda bat baino, herritarren eta belaunaldien arteko topagune izan da. "Elkar zaintzarako eta laguntzarako gune ere bai". Eduardok, behintzat, halantxik bizi izan du. "Osabarentzat denda zen bere bizitza. Liburuz osaturiko lubakia zen berarentzat. Eduardo eta Billiken, Billiken eta Eduardo. Halantxik izan da azken egunera arte", azaldu dute Eduardoren familiako kideek. Hori dela eta, eskerrak eman dizkiete Eduardoren zein Kontxiren bueltan sortu izan den zaintza eta komunitate sareari.  

Gainera, herriko erdigunean, Sabino Arana kalean, Patataren pare-parean kokatuta, herriko gorabehera guztien lekuko isila izan da denda. Makina bat ospakizunen, kirol probaren eta mobilizazio sozialen lekuko mutua izan da Billiken. Adibidez, familiako kideek ondo gogoan dute Zelaieta parkeko aparkalekuaren kontrako mobilizazioetan Billikenek jokaturiko rola. 2.000 sinadura batu zituzten dendan, parkeko kioskoa, gutxienez, bota ez zedin eskatzeko. Eta hara non, kioskoa, oraindik ere zutik dagoen. Azken urteotan, osasungintza publikoagatiko eta pentsioengatiko kezkak ikusgai egon dira dendako hormetan.

Kontxi Larrea Billikeneko arduraduna eta Ines Intxausti kazetaria. (Argazkia: Larrea familia)

Zornotzarren zaindari

Eduardok eta Kontxik oso harreman estua izan dute herritarrekin. Familiak nabarmendu duenez, beti zuten tarte bat txantxatarako: "Ironia, konplizitatea eta elegantzia zituen osabak. Oso harreman estua izan du herriatrrekin". Amaia Astobiza itzultzaile zornotzarrak adibidez, gertu-gertutik bizi izan du hartu eman hori. Txiki-txikitatik. "Denetarik saltzen zuten, ez bakarrik liburuak eta paper-gauzak. Gogoan dut garai batean lotarako zakuak ere ekarri zituztela, herriko umeak udalekuetara joaten hasi ginenean", gogoratu du. Eta hori esatearekin batera bere nebak kontaturikoa oroitu du zornotzarrak: "Amak neba Deia erostera bidali, eta Egin egunkariarekin itzultzen zen etxera, Billikenen hura emanda". 

Protesta giroko kartelez gainera, dendako erakusleihoan beti ipintzen zituzten herriko autore eta itzultzaileen liburuak, eta haiei buruz argitaratzen ziren artikuluak ere, moztu eta atean itsasten zituen Eduardok. "Liburu bat ekartzeko eskatzen zenion Eduardori, eta izenburua paper-txatal batean idazten zuen, eta pentsatzen zenuen: oraingoan bai, galdu edo ahaztu egingo zaio eta ez dit ekarriko. Eta, handik gutxira, denda ingurutik pasatzean, txistu egiten zizun eta eskatutako liburua eman", azaldu du Astobizak. "Bezero guztien zaletasunak ezagutzen zituen, eta bakoitzari bere gustukoak erakusten zizkion".

Billikenen argazki zahar bat (Argazkia: Larrea familia)

 

Eta txakurren zaindari ere bai

Pandemia zela eta, liburuak eta bestelakoak kanpora ateratzen hasi zen Eduardo. Bi taularekin mahaiak atondu, eta hantxe jartzen zituen, baita kutxatan ere. "Egunero-egunero egiten zuen lan hor, mahaiak jarri, liburuak eta kutxak atera, eta gero dena berriz batu. Halaxe egin du uztailera arte. Halaxe zaindu gaitu herritarrok azken unera arte", gogoratu du Astobizak. Baina herriarrekin bakarrik ez. Txakurzalea izanik, txakurrek ere estimu handitan zuten dendaria. Itzultzaile zornotzarraren berbetan, "inguruko txakur guztiak Eduardoren lagunak ziren, ogia, gozokiak eta laztanak ematen zizkielako. Baita gurea ere, jakina. Herriko edozein tokitan geundela, gure txakurrari esaten genion: Joango gara Eduardorenera?; eta korrika hasten zen, biderik laburrena hartuta. Atzo goizean ere ate-ateraino joan zen, eta hantxe egon zen, bere zain. Handik ordu erdira jakin genuen ordurako jada azken arnasetan egon zela".

Txakurzalea zen Eduardo Larrea (Argazkia: Larrea familia)

Billiken dendan argiak amatatu dira betiko, baina Eduardo, Kontxi zein Larrea familiako kideekiko oroimenak hor jarraituko du. Zornotzako herriaren erdigunean, eta Zornotzako herritar bakoitzaren bihotzetan. 

Eduardo Larrea, gaztetan (Argazkia: Larrea familia)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!