Zabalik dago Zornotzako Udal Euskaltegian izena emateko epea

Anboto 2024ko ira. 13a, 11:13

Zornotzako udal euskaltegian izena emateko epea zabalik dago, irailaren 20ra arte. Horrez gain, euskara hobetu edo praktikatzeko ikastaroak ere eskainiko ditu, baita berbaldiak, eta bizkaiera eta hitano hastapen ikastaroak. 

'Euskaraz hartu hitza!' lelopean eskaintza zabala prestatu du Zornotzako udal euskaltegiak. Aurre-matrikulazioa irailaren 20ra arte dago zabalik. A0 mailatik C1 mailarako eskaintza dago, eta besteak beste, etorkinentzako (Aisa), gurasoentzako (Guraso) eta nagusientzako (Nagusi) programak eskainiko dira. 

Horrez gainera, berba taldeak ere antolatu dituzte. Bizkaiko hitanora hurbiltzeko zortzi saio eskainiko dira, eta hitano-poteo ekimena errepikatuko dute. Iaz martxan jarritako Kantakatilu egitasmoak ere jarraipena izango du aurten. 

Interesdunek Udaleko euskara zerbitzura jo dezakete euskara@amorebieta.eus emailera idatzita edo 94 603 00 02 telefono zenbakira deituta. 

Eskola-materialerako laguntzak

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen materiala eskuratzeko dirulaguntza deialdia atera du Zornotzako Udalak. Urriaren 31 bitartean egin ahalko dira eskaerak. Zornotzako Udalak 30.000 euro bideratu ditu proiektu honetarako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!