Kanpainak 160.000 euroko aurrekontua du, eta esan bezala, 32.000 bono ipiniko dira eskuragarri; horietatik 30.000 merkatarientzako izango dira, eta gainontzeko 2.000 bonoak lehen sektoreko ekoizleentzako. "Azken urteetan garai gogorrak bizi izan dituzte dendek, kontsumoa bultzatuko du neurri honek, eta herritarrei dirua aurrezten lagunduko die", azaldu du Koldo Bilbao zinegotziak. Amaia Aurrekoetxea zinegotziak Zornotzako Udaletxearen konpromisoa nabarmendu du. "Kanpaina honen bidez Zornotzako Udalak tokiko merkataritzarekin duen konpromisoa berresten du, eta udalerrian ekonomia dinamikoagoa eta iraunkorragoa sustatzea du helburu", gehitu du.
Bonu bakoitzak 15 euro balioko ditu, eta kanpainari atxikitako establezimenduetan 20 euroko ordainketak egiteko balioko dute. Pertsona bakoitzak NAN bakarra erabili ahalko du eragiketa bakoitzeko, eta NAN bakoitzarekin gehienez bost bonu erosi ahalko ditu. Bonuak, HAZen eta Zelaieta zentroan erosi ahalko dira. Cristian Osip zornotzako dendariak horrelako elkarlanen garrantzia azpimarratu du. "Guztiok batera egiten badugu, errazagoa da egin ahal izatea". Iraunkor elkarteko Urtza Uriartek, ostera, lehen sektorera hurbiltzeko deia egin du. "Lehen sektorerentzako garai gogorrak izaten ari dira, eta horrelakoek, herritarrak gu eta gure lana ezagutzeko aukera ona dira".