Tentsio altuko kable bat trenaren gainera erori eta bidaiariak bertatik atera dituzte Zornotzan

Anboto 2024ko abu. 31a, 19:27

Gertakaria 19:15 gertatu da Zornotzan. Suhiltzaileak lanean dabiltza.

Ekaitzak gogor jo du gaur arratsaldean Zornotzan eta horren ondorioz hainbat ezbehar gertatu dira. Suhiltzaileek sare sozialetan jakitera eman dutenez, tentsio altuko kable bat Euskotreneko tren baten gainera jausi da eta bidaiariak ebakuatu egin behar izan dituzte. Gertakari honen ondorioz, tren zerbitzuko katenaria matxuratu egin da eta "txispak jaurtitzen" dabil. "Bidaiariak ekaitzarengatik babesteko karpak jartzen dabiltzala jakitera eman dute". Horrez gain, herritarrei deia egin diete trenbidera ez hurbiltzeko. Dagoeneko egonkortu dute egoera.

Sutea etxebizitza eta baserri batean

Bestalde, Zornotzako etxebizitza eta baserri banatan ere sua piztu da.  Ertzaintzak jakitera eman duenez, 18:20an jaso dute abisua, Zornotzako Astepe kaleko etxebizitza batean sua piztu dela.  Bestalde, suhiltzaileek sare sozialetan jakitera eman dute, sua inguru berean baina hainbat zonaldetan dagoela, etxebizitza eta baserri batean. Ertzaintzak bere aldetik baieztatu du Astepe kalean eta Markes Aresti auzoan piztu direla suak. 

Iurretako eta Basauriko suhiltzaile-etxeetako suhiltzaileak bertaratu dira. Artatzakoak bidean daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!