"Indarra beti izan da nire arma. Badut bizitasun hori"

Joseba Derteano 2024ko uzt. 20a, 11:30

Lier Arrienek Azcorrak (Zornotza, 2002) Belgikan emango ditu abuztua eta iraila. Llargues izenagaz ezagutzen den pilota modalitatean lehiatzen arituko da hangoekin.

Valentzian egindako Europako txapelketan, belgikarrak harrituta geratu ei ziren Lien Arrien jokatzen ikustean. Tenisean antzera, pilota alde batetik bestera urrun bidali behar den modalitatean, beso bizia, nerbioduna, arma baliotsua da, batez ere sakean. Belgikarrek egindako gonbita onartu, eta orain hango talde bategaz hango ligan jokatzen du. Orain asteburu bi Belgikan izan zen eta abuztu osoa ere han emango du. 

Aspalditik zabiltza llargues modalitatean jokatzen?

Lau-bost urtean nabil. Kepa Arroitajauregik sarritan komentatzen zidan euskal selekzioaren entrenamenduetara joateko, eta azkenean animatu egin nintzen. 17 eta 19 urtez azpiko taldeekin Herbehereetan eta Portugalen ibili ginen. Gero nagusietarako saltoa egin nuen. Talde haregaz joan nintzen Valentziara. Han geundela, Belgikako taldeko burua hurreratu egin zitzaidan. Ondo ikusi ninduela esan zidan, sakeetarako-eta indarra nuela, eta Belgikara joatera gonbidatu ninduen. Sasoi hartan ikasketen bigarren urtean negoen oraindino eta hemen geratzea erabaki nuen, ikasketak lehenestea. Hurrengo Europako txapelketan, Portugalen, berriro egin zidaten gonbita eta orduan baiezkoa eman nuen. Zelan moldatuko nintzen jakin gura nuen. Harrezkero, joan naizenetan elegante ikusi dut neure burua eta pozik nago. 

Hainbat bider egon zara han.

Bai. Lehenengoz aste bi eman nituen han. Gero, unibertsitean ibili naizenez, partidu garrantzitsuetara joateko egutegia adostu dut eurekin. Ahal izan dudanetan joan naiz. Orain, abuztu eta irail osoa han emango ditut. Irailean, futboleko Champions League modukoa hasiko da. 

Han hemen baino ezagunagoa da llargues modalitatea?

Bai. Ligak eta maila desberdinak dituzte. Jendeak ezagutzen du modalitate hau.

"Belgikako taldeko arduraduna hurreratu eta oso ondo ikusi ninduela esan zidan"

 

Esperientzia aberasgarria izaten ari da?

Bai, oso gustura nabil. Hasieran beldur apur bat nuen. Belgikan bakarrik, hizkuntza… Baina, tira, frantseses apur bat, ingelesez beste apur bat, eta ohitzen joan naiz. Herrialde polita da, landa askokoa. Herritik herrira ibiltzen gara ligan, eta paisaia ederrak daude benetan. 

Indarra dohain inportantea da modalitate horretan?

Sakerako bai. Bosteko taldeetan jokatzen dugu eta zelaiak 72 bat metro ditu. Sakean beste taldekoak buruz gain pasatzen badituzu, hau da, pilota 75 bat metrora bidaltzeko kapaz bazara, tanto zuzena da.  

Hain luze ateratzea gatxa da?

Oso gatxa. Esan didatenez, Belgikako liga osoan hamar bat jokalarik bakarrik dute gaitasun hori.

Eta euretariko bat, zu.

Lortu dut, bai. Askotan ez oraindino, baina lortu dut. Oso gatxa da. Indarra bakarrik ez da nahikoa: koordinazioa, norabide egokia ematea… Hainbat faktore dago. Zartako galanta eman arren, pilota kanpora badoa aurkariari tanto zuzena ematen diozu. 

"Indarra bakarrik ez da nahikoa: koordinazioa, norabidea egokia ematea pilotari…"

Indarra da zure dohainetariko bat?

Bai, indarra beti izan da nire arma nagusietakoa, esku pilotan ere bai. Eskumako besoan badut bizitasun hori. 

Eskuak asko zigortzen dituen kirola da?

Sakean bakarrik. Pilotak min egiten du. Sorbalda ere kargatzen da kirol honetan. Niri neuri gehiago eragiten dit sorbaldan eskuan baino. 

Zelan doa esku pilotako denboraldia?

Belgikako kontua nuenez eta ez nekienez seguru noiz joan behar nuen harantza, ordezko aritu naiz, Lagun Onak kluba estuasunean ez ipintzearren. Horrela, lasaiago aritu gara denok. Hurrengo denboraldian datak zehatzago jakingo ditut eta esku pilotan serioago arituko naiz. 

Zornotzan umeak entrenatzen ibiltzen zara eta, esan didatenez, esku ona duzu eurekin.

Hori esaten didate gurasoek ere kalean ikusten nautenean; euren seme-alabak oso pozik dabiltzala, hurrengo urtean ere jarraitu gura dutela eta ea entrenatzaile lanetan jarraituko dudan. Nire gurasoek ere antzerako mezuak helarazten dizkidate; beste guraso batzuekin berbetan egon direla eta oso pozik dabiltzala nigaz. "Gauzak ondo egiten nabilen seinale", pentsatzen dut. Garrantzitsua da umeak pilotan pozik ibiltzea, eurak direlako etorkizuna. Gero, urte batzuk joanda pilota uztea erabakitzen badute, ezin daiteke ezer egin, baina hasieran behintzat har diezaiotela gustua pilotari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!