El Jueves aldizkaria erreferente da umore satirikoa lantzen. Ganberroa batzuetan, garratza besteetan, ez da irakurlea epel uzten duen horietarikoa. Igor Fernandez Fernandez (Zornotza, 1983) proiektu horren zuzendaria da. Zornotzako Udalak herriko jaietako kartela diseinatzea enkargatu zion, eta bere ikutu propioa eman dio.
Zornotzako jaietako kartela diseinatzerakoan, buelta asko eman dizkiozu buruari?
Ez. Argi nuen komiki bat izango zela, eta, jaietako pertsonaia erabiltzeko eskaera egin zidatenez, pertsonaia hori hainbat egoeratan ipintzea izan dut helburu.
Gustura geratu zara helburuagaz?
Bai, hasieran zalantzak izaten dituzu zeozer sortzen duzunean. Baina egun batzuk joan eta gero eta herriko hainbat lekutan ipinita ikusi eta gero, pozik geratu naiz.
Bartzelonan eta Zornotzan egiten duzu bizimodua. Egongo zara jaietan aurten?
Pena bat da, baina aurten ezingo naiz egon.
Zer da jaietan gehien gustatzen zaizuna?
Kontzertuak, betidanik. Jaietan lehenengo begiratzen dudana kontzertuen zerrenda izaten da. Izaro ikusteko gogoa nuen aurten, baina ez da posible izango.
"Aktualitatea komikiaren lengoaiara transkribatzen dugu"
El Jueves umore satirikoaren erreferente da. Zelan heldu da zornotzar bat proiektu horren gidaritzara?
Apurka-apurka izan da. 15 urte daramatzat aldizkarian nire lanak kaleratzen. 2009an lan batzuk egiten hasi nintzen bertan. Urte bi geroago, hainbat enkargu nuen egiteko. Ondoren, atal finko bat izan nuen, eta ordura arte izan nuen lana utzi nuen. Erredakzio kontseiluan sartu nintzen ondoren, eta zuzendari izendatu ninduten gero.
Zein lantalde duzue?
Bakoitzak etxetik lan egiten du eta erredakzio talde bat dugu. Maketatzaileak eta administrazio arduradunak eta baditugu, eta ni neu zuzendari lanetan. Lehen, mahai mordoko estudioa geneukan, baina orain ez daukagu horrelakorik. Guztira, 30 bat lagun izango gara.
Zuen lana oso lotuta dago aktualitateagaz. Ez dut esango kazetariak zaretenik, baina kazetari lana ere egiten duzuela esan daiteke?
Batzuek uste dute kazetariak garela, baina ez gara kazetariak. Hala ere, analisi eta sintesi lan handia egiten dugu. Aktualitatea komikiaren lengoaiara transkribatzen dugu eta horri umorea gehitzen diogu.
Pertsonaia ugari izaten da zuen aldizkariko protagonista. Nortzuk dira umore gutxien duten pertsonaiak?
Eskuindarrek eta ultraeskuindarrek daramate okerren umorea. Igartzen da ez dutela autokritikarik egiten. Adibide bat ipiniko dizut. Orain pare bat urte, kromo batzuk egin genituen. La Pandilla Basuraren parodia bat egin genuen kromo horien bitartez, eta 'La pandilla Voxura' deitu genion. Publikatu zenean, esango nuke enteratu ere ez zirela egin. Hile bi geroago, sareetan berriro agertu eta Voxeko kontu ofizialean seinalatu egin gintuzten. Non geunden eta editorialeko zuzendaria nor den idatzi zuten. Mehatxu antzeko bat izan zen.
Zelan daramatzazue horrelako gertaerak?
Ez diogu garrantzi handirik ematen, ofizioaren parte da eta. Oso ohituta gaude. Kasu hau aipatu dut, kontu ofizial batetik egindakoa delako, baina irainak eta horrelakoak sare sozialetan eguneroko ogia dira; batez ere, Twitterren.
Baduzu pertsonaia gogokorik, erreala edo fikzioan sorturikoa?
Ez dut faboritorik, baina Isabel Díaz Ayusok ematen digu materialik gehien. Oso ondo etorri zaigu. Aznar joan zenean pena hartu genuen, aukera bikaina ematen zuelako umorerako. Gero Rajoy etorri zen. Hura ere bikaina umorerako, eta Rajoy joan zenean ere pentsatu genuen ez zela horrelako besterik agertuko. Eta, bat-batean, non datorren Ayuso. Trumpen estiloko jendeak ere joko handia ematen du.
"Ez daukat pertsonaia faboritorik, baina Isabel Díaz Ayusok ematen du materialik gehien"
Izan al duzue arazorik legalki?
Azken epaiketa poliziak ipinitako salaketa bategaitik izan genuen. Bartzelonan urriaren 1ean hautetsontziak atera zituzteneko garaikoa da. Orduan, Piolinen itsasontzi famatua eraman zuten hara, eta 2.000 polizia inguru zeuden ontzian. Maila partikularrean ere, pertsona batzuek auzitara eraman gaituzte, baina atzera bota dituzte denak.
Lan bat hasten duzuenean, zein ordenatan aritzen zara? ideiak pentsatu, marrazten hasi...
Lehenengo, gidoia lantzen dut. Batzuk orri zuri bat atera eta idazten hasten dira. Nik ikusi egin behar dut, eta, horregaitik, bozetoak egiten ditut lehenengo. Zirriborro batzuk dira eta inork ere ez ditu ulertzen. Gero hori ordenagailuan diseinatzera eramaten dut.
Izan duzue aldaketarik digitalizazioa dela eta?
Hainbat etapa bizi izan dut. Orain 15 urte El Jueves aldizkarira heldu nintzenean, oso webgune indartsua zuen eta oso errentagarria zen. Baina orain jendea ez da webguneetara sartzen, sare sozialetan ibiltzen da. Beraz, orain, harpidetza egitea eskatzen dugu, aplikazio baten bitartez aldizkaria irakurtzeko. Aplikazioak oso ondo funtzionatzen du.
Aldizkariko zuzendaria izateaz gainera, hainbat publikazio kaleratu duzu.
Lehenengoa Zombie Life izan zen, liburuki bitan. Galdakaoko Ivanper autoreagaz Robocracia argitaratu nuen gero, roboten inguruan, hau ere liburuki bitan. Hirugarren bat kaleratzea ere badugu buruan. Liburu txikien bilduma bat ere kaleratu dut, Inoiz kontatu ez dizutena... hainbat gairen inguruan: bidaiatu, pisua bilatu...
Beste aldizkari batzuetan ere kolaboratzen duzu. El Juevesen hasi aurretik TMEOn kolaboratzen zenuen.
Seguruenik, aurretik TMEOn kolaboratzen nuelako sartuko nintzen El Jueves aldizkarian. Zertan nenbilen ikusi zuten eta horrela sortu zitzaidan aukera. Eta oraindino ere jarraizen dut TMEOn.
Komikiak loraldia izan du azken urteetan. Ia edozein gairen inguruko lanak aurkitu daitezke.
Bai, nobela grafiko legez hartu izan da komikia. Denerik aurkitu daiteke komikietan, ez bakarrik umorezko gaiak edo superheroienak. Boom handia gertatu da, eta editorial berriak ere jaio dira. Oso edizio zainduak kaleratzen dira gaur egun. Nik neuk ere askotan pentsatzen dut egunen batean istorio luze bat landuko dudala. Baina ez dut astirik izan horretarako.