'Martz' artistak eginiko horma irudi baten ezabaketak eztabaida piztu du Zornotzan

Ekaitz Herrera 2024ko uzt. 12a, 14:54

Martzel Do Nascimentok joan zen astean margotutako horma irudia.

Martzel Do Nascimento 'Martz' artistak migratzaileen eskubideen aldeko horma irudi bat margotu zuen joan zen astean, Zornotzako herri mugimenduak migratzaileei aterpea eskaintzeko erabili izan duen etxebizitza-bloke bateko horman. Udalak, asteon, horma irudia ezabatu du, artistak kale garbiketari buruzko udal ordenantza bete ez duela arrazoituta.

Horma irudi baten ezabaketak eztabaida piztu du Zornotzan. Joan zen astean zehar, 'Martz' artistak Heldu izeneko horma irudia egin zuen Luis Urrengoetxea eta Harrison kaleen artean dagoen eraikineko horman. Artista zornotzarrak "migratzaileek batetik bestera mugitzeko zein bidaiatzeko duten Giza Eskubidea" aldarrikatu gura izan zuen bere lanagaz. Horrez gainera, duela zazpi urte horma horretan bertan margotu zuen irudia berritu gura izan du: "Aurreko horma irudia ere nirea zen, baina egoera txarrean zegoen, jo eta haustuta. Eta berau saneatzeko asmoz, berri bat egitea pentsatu nuen".

Hori dela eta, irudigile zornotzarrak mezu elektroniko bat bidali zuen udaletxera: "Astelehenean, udaleko kultura zinegotziari mezu elektroniko bat bidali nion. Jakinarazi nion astean zehar mural berri bat margotzeko lanetan ibiliko nintzela, lehendik zegoena saneatzen. Ez nuen erantzunik jaso, eta lanean hasi nintzen. Astelehenetik ostegunera ibili nintzen lanean", azaldu du Do Nascimentok. Baina eztabaida asteon iritsi da: "Aste honetako martitzenean, udalak murala estali zuen, murala ezabatu zuen, niri jakinarazpenik egin barik, hartu emanetan ipini barik. Lau egunean egon nintzen han, eta horrenbestez, posible zuten zerbait esatea, nirekin hartu emanetan ipintzea. Orain arte nik egindako horma irudi bat egon da horma horretan. Zergatik lehen estali ez zena orain estali?", galdetu du. Gertaturikoagaz "triste" dagoela azaldu du Do Nascimentok, eta gaineratu du, "etxebizitzako jabearen baimena" zuela horma irudia egiteko.

Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak horma irudiaren ezabaketa indarrean dagoen garbiketa ordenantzarekin lotu du. Araudi horren arabera horma bat margotzeko baimen bi exijitzen direla azpimarratu du Salterainek. “Ez diogu hormarik margotu ezin denik, baimen bi behar direla baino: hormaren jabearena eta udalarena. Kasu honetan, sare sozialen bidez berak dio udala ohartarazi duela, baina hori ez da horrela. Ez zaio baimenik eskatu ez jabeari ezta udalari ere”, azaldu du alkateak. Udalaren baimenari dagokionez, Salterainek honako hau argitu du: "Herritarren Arreta Zerbitzuan eskabide orri orokor bat dago eta dokumentu hori beteta erantzun positiboa itxaron behar izaten da".

Asteon, Zornotzako Udalak horma irudia estali du kale garbiketaren ordenantza bete ez dela arrazoituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!