Iraunkor 2016an jaio zen, tokiko ekonomia zirkularra eta iraunkorra bultzatzeko eta produktu ekologikoak lehenetsita. Gaur egun 60 bazkide dira, ekoizleak eta kontsumitzaileak. Urtza Uriarteren (Etxano, 1984) ustez, kontsumo ohituretan eragitea ezinbestekoa da osasuntsu eta modu jasangarrian bizitzeko.
Elkarteak 17 bazkidegaz hasi zuen bidea. Positiboa da egindako lana?
Bai, baina astiro doa. Gutxienez 200 bazkide izan beharko ginateke. Horretarako hasi dugu merkaturatze kanpaina. Badaude oraindino ezagutzen ez gaituztenak, eta ezagutzen gaituztenetariko batzuek ez dute argi zein den gure eredua. Elkartea ezaguraztea eta kontsumo ohituretan eragitea dugu helburu.
Erronka handia da kontsumo ohiturak aldatzea.
Bai, eta horixe da gure trabarik handienetariko bat. Hortxe dago giltza. Funtzionatzeko modua oso erraza dela erakutsi gura dugu, eta jendea gure ereduagaz bat egitera animatu. Asteburuetan ipintzen dugu eskaintza, eta eskaria Internetez edo Whatssapez egin ondoren, lokalean banatzen dugu. Erregularki kontsumitzen dugun 20 bat bazkide gara.
Bazkideak gehitzea ezinbestekoa da Iraunkorren ereduari eusteko?
Ia ezinbestekoa. Gastuari aurre egiteko, erosketa bolumen handiagoa behar dugu, eta bazkide kontsumitzaile gehiago. Eskaintza handituta ere, bazkideok gehiago erosteko aukera izango genuke, baina bertoko ekoizpen ekologikoa mugatua da. Beraz, kontsumo eredu honi eutsi gura badiogu, elikagai komunitatea landu behar da, esparru bitan. Gutxieneko erosketa bolumena behar dugu gastuak kitatzeko; orain, ez dugu lortzen. Osasuntsu bizitzeko, bertakoa, osasungarria eta kooperatiboa den produktua kontsumitu behar dugu, horretaz kontzientziatu behar dugu.
"Bertakoa, osasungarria eta kooperatiboa den produktuaa kontsumitu behar da"
Produktuen banatze sistema ere eramaten duzue Bizkaian.
Bai, eredu berri bat sortzen gabiltza. Hartara, gure kontsumo taldea hornitzeaz gainera, Bizkaiko beste hainbat kontsumo talde eta ekoizle txiki beste produktu batzuez hornitzen ditugu, euren eskaintza osatzeko aukera emanez. Eredu agroekologikoan landuriko produkturik ekologikoena eskaintzeko sarea ehundu gura dugu: eredu osasungarri eta kooperatiboan oinarrituriko banatze sistema alternatiboa. Elikagai komunitatea indartzeko balio dezake, eta sistema bideragarri egiteko.
Zer dago ekologikoaren atzean?
Zigilu Ekologikoak eredu ekonomikoa jasangarria izan behar dela zehazten du. Baina eztabaida handia dago, kontraesanak daude. Japoniatik datorren produktu ekologikoa jasangarria da? Eredu ekonomiko jasangarria ez ezik etikoa ere izan behar dela dio agroekologiak. Eta etekin ekonomikoa lehenesten duten ekoizle ekologikoak ere badaude. Ekologikoa kontsumitu behar da, bai, baina oso garrantzitsua deritzogu kontsumo taldeak hornitzeari, zaintzeari. Ase beharreko komunitate bat dago eta ahalik eta agroekologikoena den produkturik onena eskaintzea da gure ardura.