Ataungo txapelketa irabazi duen Urko Bullon zornotzarrak eskupilota utziko du hegazkin-pilotu ikasketak egiteko

Anboto 2024ko uzt. 3a, 17:04

Urko Bullon ezkerrean, Kepa Arroitajauregiren irudia duen kamisetarekin; ondoan, Unai Amiano.

Irailera bitartean pilotaz "gozatzea" du helburu.

Urko Bullon 19 urteko zornotzarrak erabaki bat hartu behar izan du aurten: hain gustuko duen eskupilotan jarraitu ala ikasketak lehenetsi, umetatik hegazkin-pilotu izateko duen ametsa egia bihurtzen saiatzeko. Azkenean, ikasketei eman die lehentasuna eta eskupilota utziko du. "Ume-umetatik dudan ametsa da. Umetan eskolan beti esaten nuen hegazkin-pilotu izan gura nuela. Lagunen artean ere beti aipatu dut. Ilusio handia egiten dit", dio Lagun Onak pilota elkarteko pilotariak. Cadizko (Andaluzia) Jerez de la Frontera herriko ikastetxe batean burutuko ditu ikasketak.

Bitartean pilotagaz "gozatzen" jarraitzeko hilabete bi geratzen zaizkio aurretik. Sasoi onean dago gainera. Joan zen asteburuan Ataungo Etorkizuneko Txapeldunak pilota txapelketa irabazi zuen —22 urtez azpiko mailan— Unai Amiano aurrelariagaz batera.

Txapelketa Apaolazagaz bikotea osatuz hasi zuen, baina final laurdenetan kanpoan geratu ziren. Bullon maila onean aritu zen eta antolatzaileek berriro deitu zioten lesionatutako Landa atzelaria ordezkatzeko. Ordutik aurrera Unai Amiano izan du bikote, eta biek txapela irabaztea lortu dute. Final "luze eta gogorrean" 22-20 menderatu zituzten O.Etxebarria eta Arroita.

Laster Errenteriako eta Villabona-Amasako pilota txapelketak jokatuko ditu. Seguruenik, bere azkeneko torneoa Zumaiako Dinastia Etxabe pilota txapelketa izango da, abuztu amaieran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!