Jon Morcillo zornotzarrak Bigarren Mailan jokatzen jarraituko du Albacete taldearekin

Anboto 2024ko uzt. 2a, 13:30

Urte birako kontratua sinatu du Gaztela-Mantxako taldearekin.

Jon Morcillok (Zornotza, 1998) Amorebieta futbol taldean jokatu du aurten. Taldea Lehenengo Federazio mailara jaitsi da, baina zornotzarrak Bigarren Mailan jarraituko du. Albacete Balompie klubak iragarri duenez, urte birako kontratua —2026ra arte— sinatu du eurekin.

Albaceteko kirol zuzendaria den José Verdú Nicolás Toché pozik agertu da fitxaketarekin. "Kalitate eta talentu handiko jokalaria da, Athleticekin lehenengo mailan partidu asko jokatu dituena. Asko emango digu", adierazi du.

Agur Athletic taldeari

Morcillo Athletic taldeko jokalaria izan da 2016az geroztik. Lehenengo lau urteak Baskonian eta Bilbao Athleticen eman zituen. 2020an talde nagusiarekin debutatu zuen. Harrezkero, 47 partidu jokatu ditu talde nagusian. 2022an Valladoliden aritu zen eta iaz Amorebietan, kasu bietan Athleticek utzita. Oraingoan, ordez, ez doa utzita. Athleticen egituratik irten da eta Albacete Balompie klubeko jokalaria izango da.

Morcillok gutun bat argitaratu du bere sozialetan athleticzaleei agur esateko. "Elkarrekin bizi izan dugunak ez du preziorik. Banoa, baina Athleticen baloreak neurekin eramango ditut; baita hainbat oroitzapen ahaztezin eta betirako izango ditudan lagunak ere. Gure bideak banatu egingo dira orain, baina esker ona betirako da. Bizkaiko ume denen ametsa bete dut: Athleticekin debutatzea, San Mamesen jokatzea eta munduko talderik onenaren koloreak defendatzea", idatzi du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!