“Oraindino ez dut futbolari ohia naizen sentsaziorik”

Anboto 2024ko eka. 30a, 10:00

Xabi Etxeitak (Zornotza, 1987) futbol jokalari izateari utzi dio. Bizomodu berri bat du aurretik. Gauza batzuen falta igarriko du eta beste gauza batzuk berreskuratuko ditu. Esaterako, bizikleta asko maite duen kirola da eta libreago ibiliko da aurrerantzean. Futbol munduan jarraitzeko eskaintzak izan dituela dio, baina oraingoz, udan, atseden hartuko du, "arnasa hartu". Uda pasatu eta gero erabakiko dut etorkizuna nondik bideratu.

Erretiroa iragarri, elkarrizketak han eta hemen, omenaldia, Amorebietagaz hil ala biziko partiduak… Ligako azken txanpa mugitua izan zenuen. Baretu da giroa apurren bat? 

Astiro-astiro doa. Denbora gehiago joan behar da egoera guztiz baretzeko. Oraindino ez dut denbora askorik izan deskonektatzeko. Elkarrizketekin alde batetik bestera… Gero, etorkizunari begira, futbol munduan jarraitzeko eskaintzak izan ditut, futbolari barik beste arlo batzuetan, eta hori aztertzen egon gara.

Baina ortzi mugan entrenamendurik eta partidurik ez izateak sentsazio berria izan behar du.
Bai, baina uda sasoian gaude eta bestela ere ez nuen partidurik izango. Irail-urritik aurrera gehiago igarriko dut. Egia esanda, ez dut futbolari ohia naizen sentsaziorik. Izan ere, azken urteetan buelta asko eman dizkiot kontu honi: adinean aurrera zoaz, lesioetatik errekuperatzea gatxagoa da, familia duzu, kanpoan urteak emanda etxera bueltatzen zara… Bada denboratxo bat aurtengoa azken denboraldia izango zela erabaki nuela.

Futbolagaitik praktikatu ezin izan duzun afizioren bat berreskuratuko duzu? 
Bai, asko. Adibidez, bizikletan ibiltzea asko gustatzen zait eta futbolagaitik gutxi ibili naiz; gainera, beti kontuz, eta ibiltzeko momentuak neurtuz. Bizikletagaz beste era batean gozatzeko aukerak ilusio handia egiten dit. Esaterako, joan zen asteburuan Treparriscos (Quebrantahuesoseko lasterketa laburra) egin nuen hiru lagunegaz. Eskiatzea da gogoko dudan beste kirol bat. Gaztetan ibilitakoa naiz, eta aurrerantzean afizio hori berreskuratzea espero dut. 

Futbolari ohi asko padelean dabiltza… 
Bai, horixe esatera joan naiz orain. Orain urte bi hasi nintzen, baina futbolagaitik ezin izan naiz nahi bestetan aritu eta berreskuratuko dudan beste afizio bat izango da seguruenik. 

Futboleko zeren falta igarriko duzu?
Seguruenik futboleko lehiakortasunarena. Helburu batzuk lortzeko dena ematearen falta igarriko dut. Beste erantzukizun edo kirol mota batzuk bilatu beharko ditut falta den hori lortzeko. Egunerokotasunaren falta ere igarriko
dut, futbola asko gustatzen zaidalako: entrenamenduak, taldekideekin sortzen den giroa… 

Etorkizunean futbol munduan jarraitzeko eskaintzak izan dituzula esan
duzu. Aurreratu dezakezu ezer?
Aukerak baloratzen aritu naiz, baina orain ez dela momentua erabaki dut azkenean. Udan deskonektatzea erabaki dut, arnasa hartzea eta uda beste modu batera gozatzea. Udatik aurrera baloratuko dut zer aukera den komenigarria niretzat. 

Debutatu zenuen taldean hartu duzu erretiroa, zirkulu bat itxita. Mailari eutsi ez izanak garraztu egin dizu apur bat ipuinetakoa zirudien amaiera?
Bai, jakina, helburua lortuta guztiz desberdina izango zen eta. Iaz, Lehenengo RFEFtik Bigarren Mailara igotzea itzela izan zen. Orduan zalantzan egon nintzen, ez ote zen momentu egokia futbola uzteko. Urtebetean jarraitu nuen mailari eusteko helburuagaz, eta ez da posible izan. Ezin izan diogu pastelari ginga hori
ipini. Baina, hala ere, pozik nago egindako ibilbideagaz.

Orain harmailetatik animatuko duzu taldea?
Hori seguru! Gazte-gaztetatik bazkidea naiz eta ahal dudanean ahaleginduko naiz, barrutik edo kanpotik, taldeari laguntzen eta partiduak ikustera joaten.

Athleticen talde nagusian zazpi denboraldi eman zenituen. Zure talde ohiaren Kopako finala Sevillan jarraitu ahal izan zenuen, zelaian bertan. Zelako esperientzia izan zen?
Itzela! Familiagaz joan nintzen eta finala semeagaz ikusi nuen, harmailetatik. Semea Kopa ospatzen ikustea oso polita izan zen. Partidua hasi aurreko giroa
ere ikaragarria izan zen. Sekula ere ez dut horrelakorik bzi izan. Hau da, futbolari modura bai [2015eko finala jokatu zuen], baina ez zale modura. Beste batek kontatzea eta norberak bizitzea esperientzia diferenteak dira. 

Zelan gustatuko litzaizuke zaleek eta jendeak zu gogoratzea?
Jokalari langile modura. Futbola asko gustatzen zaion batek bertatik bizitzeko ametsa egia bihurtzea lortu dudan norbait lez. Baita pertsona normal modura ere. Urte askoan lehen mailan eta goi mailan egon arren, beti ahalegindu naiz umila izaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!