Tenampa Brass Band (Mexiko), Orchestre National du Jahiner (Frantzia), Brazzatazz (Belgika), UGS Brass Band (Frantzia), Llareggub Brass Band (Erresuma Batua), Pixie & Dixie band (Espainia), Trocamba Matanusca (Espainia), Tamarros (Italia) eta New Tocadós (Espainia) taldeek parte hartuko dute Haizetara jaialdian. Hiru egunetan, talde bakoitzak lau kontzertu eskainiko ditu. "Haizetara hitzordu garrantzitsua bilakatu da dagoeneko gure herrian. Urteak joan eta urteak etorri, gainera, ospe eta errekonozimenduko jaialdi bilakatu da eta kulturak eta arteak, sarritan, erronka zailei aurre egin behar dieten garai honetan, ezinbestekoa da horrelako jaialdi baten balioa eta garrantzia aintzat hartu eta gogoraraztea", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. "Kultura eta estilo desberdinen topagunea da, eta beste urte batez gure kaleak musikaz eta giro onez beteko ditu".
Bestalde, Koldo Bilbao zinegotziak egun horietan Zornotza agertoki bihurtuko dela nabarmendu du. "Nazioarteko taldeek ez ezik, Euskal Herriko talde eta txarangentzako aukera ona izango da euren lanak erakusteko, izan ere, lehiaketatik kanpo ere arituko diren taldeek kontzertuak eskainiko dituzte". Kasu honetan, Sama Siku, Ustekabe, Sugarri, eta Joselontxos taldeak arituko dira, besteak beste.
Egitarau osoa Haizetara jaialdiaren webgunean ikusi daiteke.