Hot Shots Etxanok modu ezin borobilagoan bukatu du 2023-2024 kirol denboraldia. Kimu mailako neska-mutilek Euskadiko hockey txapelketa irabazi zuten joan zen ekainaren 1ean. Bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 hockey talde eta Zaragozako beste bat lehiatu ziren. Zornotzarrak izan ziren garaile. Kirol klubetik azpimarratu dutenez, hockey taldea bederatzi hilabetean egon da lehian, hainbat topaketatara joaten eta partidak jokatzen, harik eta kimu mailan ligako garaile izatea lortu duten arte.
Era berean, benjamin taldearen ibilbidea txalotu dute kirol klubetik. "Lan ezin hobea" egin dute. "Benjamin mailan sailkapenik ez dagoen arren, gure jokalariek ez dute partida bakar bat ere galdu. Benjaminek egindako ibilbidea ere zoriontzekoa da", esan dute Hot Shot Etxanoko iturriek.
Kategoria guztietako jokalariek egindako "lana eta esfortzua" azpimarratu ditu kirol klubak. Orain, egindako lanagatiko sariaz gozatzeko ordua dutela iritzi diote.