Hypermotion Ligari eusteko lehian dabiltzan talde biek elkarren kontra jokatuko dute azken jardunaldian. Amorebieta jaitsiera postuan dago eta puntu bat gorago dagoen Mirandesi egingo dio bisita domekan, 18:30ean. Patuak hala nahita, partidu berean batuko dira txanponaren aurkia eta ifrentzua, salbatuko direnen ospakizuna eta etxera burumakur joango direnen atsekabea. Partidu horri begirako matematikak errazak dira, eta ez oso aldekoak. Amorebietak nahitaez irabazi behar du norgehiagoka. Gainerako emaitzak Mirandesen aldekoak dira.
Etxeitaren agurra
Xabi Etxeitarentzat partidu berezia izango da. Ez jokoan dagoenagaitik bakarrik, baita bere futbolari ibilbideko azken partidua izango delako ere. 36 urteko zornotzarrak oraintsu iragarri du utzi egingo diola futbolean jokatzeari. Joan zen asteburuan etxean —Lezama— jokaturiko azken partiduan omendu egin zuten partidua jokatu aurretik. Etxeitak 16 urtegaz debutatu zuen, Amorebietan, eta etxeko taldean erretiratzea modu ederra da zirkulua zarratzeko. "Urritxen jokatu nituen lehenengo partiduak ahaztezinak dira", adierazi du jokalariak sareetan zabaldu duen agur mezuan. Hogei urteko ibilbide luzean, atzelari zornotzarrak Athletic, Cartagena, Elx, Huesca, Getafe eta Eibar taldeen elastikoak jantzi ditu.