“Profesionaletara heltzeko ametsari eusten diot eta gogor jarraituko dut lanean"

Anboto 2024ko mai. 25a, 10:30

Iker Trigok (Zornotza, 2001) bigarren denboraldia darama Laboral Kutxan, Euskaltel Euskadiren filialean. Azken asteetan merituak egin ditu goikoen arreta erakartzeko. Esaterako, lehenengo euskalduna izan da Balentziaga lasterketan. 

Atea jotzen duenak beti du beste aldetik erantzungo dioten esperantza. Eta horretan dabil Iker Trigo txirrindularia azken asteetan, goikoei ate joka eta mezuak bidaltzen. Behin baino gehiagotan eman du bere dohainen eta sasoi puntuaren berri. Espainiako Koparen barruan, lehenengo euskalduna izan da Balentziagan, afizionatuetako probarik prestigiotsuenetarikoan, eta laugarren Vigon, besteak beste. Euskaldun Torneoan podiumera igo da Lazkaon. Egunotan Nafarroako Itzulian dabil.

Hasi gaitezen Balentziaga lasterketatik. 2022an eta aurten euskaldunik onena izan zara.
Gustatzen zaidan lasterketa da. Nire ezaugarriak egokiak dira proba horretarako. Eskalatzailea izateaz gainera, nekeari eusteko eta esfortzutik ondo errekuperatzeko gaitasuna dut. Lasterketa luzeak gogoko ditut, eta gogorrak ere bai. Gainera, aurtengo aldiari dagokionez, aurreko egunean Lazkoan bigarren eginda, gogo handiagaz ibili nintzen, indarberrituta lez.

Ez dago emaitza on baten moduko entrenamendurik.
Lazkaoko emaitzak indar handia eman zidan. Denboraldiaurrean lana gogotik egin nuen urtea sasoian hasteko, baina ezin izan nuen emaitzetan islatu. Esaterako, Andaluziako Torredonjimeno lasterketan jausi egin nintzen. Neukana erakutsi ezinda ibili nintzen, baina entrenatzerakoan indartsu sentitzen nintzen eta banekien lehenago edo geroago emaitzak helduko zirena. 

Zelan gogoratzen duzu Balentziaga lasterketa?
Hasieran erritmo bizian ibili ginen, Itziar mendatean, Meagan… Elorriotik Areitiorako tartea ere zoramena izan zen, denak erasoka. Azken txanpan ikusi zen ondoen bakoitzaren indarra, Ixuan gora. Ni, mendatean gora egin ahala, geroago eta hobeto sentitu nintzen. Neure onena eman nuen etapan, eta gustura geratu nintzen.

Eta joan zen asteburuan laugarren Vigon, Espainiako Kopako lasterketan. Onenen artean berriro ere.
Denboraldiko lasterketarik gogorrena izan zen: ia 200 kilometro eta 4.000 metroko desnibela. Hogei txirrindulariko ihesaldi batean ibili nintzen, 25 kilometroren faltan harrapatu gintuzten arte. Indartsu sentitzen nintzen eta kilometro biko aldats batean aurrera jo nuen, beste gutxi batzuekin batera. Gertu izan nuen garaipena, baina pozik nago laugarren postuagaz.

Bigarren urtea duzu Laboral Kutxan. Iaz baino rol inportanteagoa duzu aurten?
Egia esanda, ez dut aldaketa handirik igartzen iaztik hona. Laboral Kutxara etorri aurretik Gomur taldean aritu nintzen. Denboraldi ona egin nuen han eta gertu egon nintzen profesionaletara igotzeko, nahiz eta azkenean ez zen gauzatu. Kontua da Laboral Kutxan espektatibak altu zeudela nigaz, hasiera-hasieratik.

Beraz, profesionaletara heltzeko lehenengo aukera ez zen gauzatu. Orain, zelan ikusten duzu aukera hori?
Badakit gatxa dena, baina profesionaletara heltzeko ametsari eusten diot. Nik gogor jarraituko dut lanean. Gauzak azken asteetan joan diren moduan badoaz eta zortea aldeko badut, posible izan daiteke. 

Egin behar duzuna egiten zabiltza, nabarmentzen.
Bai. Postu onak lortzea da nire lana, modu batera edo bestera lasterketetan presentzia izatea. Horretan ahalegintzen naiz.

Guztiz zentratuta zaude txirrindularitzan?
Iaz amaitu nituen ikasketak. Masterra egin gura dut, baina ez aurten. Aurtengo denboraldian txirrindularitzan zentratu gura dut, topera. Hala ere, orain hilabete Bilbon Bilbao Kirolak-eko zentro batean monitore aritzeko eskaintza egin zidaten eta onartu egin nuen. Klaseak ere ematen ditut, arratsaldeetan, bi-hiru ordu. Ez dit denbora askorik kentzen eta ondo datorkit bururako. 

Laboral Kutxa afizionatuetako talderik indartsuenetarikoa da. Zer puntutaraino duzu askatasuna 'zeure' lasterketa propioak egiteko?
Taldean denok dugu askatasuna geure lasterketak egiteko. Lasterketa motaren arabera, bati edo besteari laguntzea egokitzen da batzuetan, baina printzipioz denok dugu aukera ihesaldietan sartzeko eta aurrean egoten ahalegintzeko. Ez dago lider argi bat. Taldean abaniko zabala dago eta aukerak denentzat dira. Nik lasterketa gogorretan izaten du askatasunik gehien neure lasterketak egiteko. 

Eskalatzaile petoa zara, Mikel Bizkarraren modukoa. Erreferente bat da zuretzat?
Erreferentea baino gehiago; asko fijatzen naiz Mikelengan. Azkenean onenetan fijatzen zara. Nire moduan, Gomurren ibilitakoa da eta urte asko daramatza profesionaletan. Sarritan ikusten dut entrenatzen nabilela. Iaz elkarregaz entrenatu ginen behin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!