Zornotzako Udalaren berbetan dokuemantalak "harrera ezin hobea" izan zuen. "Dokumentalak emakume presoen senitartekoen zuzeneko testigantzak jasotzen ditu, baita garaiko historialari eta adituenak ere, emakume horien esperientziei ahotsa emanez", azaldu dute udal iturriek. Gonbidatuen artean frankismo garaian herriko espetxean preso egondako emakumeen senideak egon ziren, batzuk Toledoko (Espainia) Tembleque udalerritik etorriak. "Horien artean kokatzen da Angelina Gonzalezen testigantza hunkigarria. Haren amaren maitasun gutunak, kartzelatik idatziak, abesti baten doinuekin batera heldu dira gaur arte eta dokumentalak ahotsa jartzen die horiei guztiei, inoiz ahaztuak izan ez daitezen". Gaur egun, El Carmelo ikastetxea kokatzen den eraikinean egon zen espetxea. "Sufrimendu handiko lekua izan zen, eta bertan espetxeratuta zeuden emakumeek bizien hilerria bezala izendatu zuten. Espetxeko bizi-baldintza negargarriak, gosea, jende pilaketak eta higiene falta ziren bertako ezaugarri nagusiak eta xehetasunez deskribatzen dira guztiak Baleukok ekoitzitako dokumental honetan".
Memoria Historikoaren Astearen baitan antolatu dira dokumental honen estreinua eta ondorengo emanaldiak.