Orain arte isilarazia izan den errealitate bati ahotsa eta irudia ipini diote Zornotzan. Bariku honetan Ikusezinak dokumentala estreinatuko dute. Erregimen frankistaren pean udalerrian egondako emakumeen kartzelari buruzko lana. Ikus-entzunezkoan preso egoniko emakumeen senitartekoen testigantzak eta adituenak batu dituzte. Baita Espainiako estatuko hainbat herritatik Zornotzan kartzelaratu zituzten emakumeen esperientziak ere.
Zornotzako emakumeen kartzela gaur egun El Carmelo ikastetxea dagoen eraikinean egon zen. Hasiera batean, 1939-1940 urteetan, odol-ospitalea izan zen. Eta 1940tik aurrera, berriz, emakumeen kartzela. Datuen arabera 1.200 emakume baino gehiago espetxeratu zituzten han. Historialariek diotenez, emakume presoek gosea, gainpopulazioa eta osasun baldintza onartezinak jasan zituzten.
Zornotzako Udalak adierazi duenez, dokumentala, ikus-entzunezko lan bat ez ezik, "Zornotzako memoria historikoa berreskuratzeko ahalegin bat da". Baita urte askoan zehar "isilduak eta baztertuak izan ziren emakume haien kemena eta sufrimendua aitortzeko modua" ere. Dokumentala Baleuko ekoiztetxeak egin du.
Estreinaldia eta datozen proiekzioak
Dokumentala bariku honetan bertan estreinatuko dute, 20:00etan Zornotza Aretoan. Sarrerak debalde eskuratu daitezke Zelaieta zentroko harreran. Horrez gainera, beste bi proiekzio egingo dituzte. Maiatzaren 20an (18:00etan) bata, eta maiatzaren 23an (20:00etan) bestea.