“Azken urteetan eboluzionatzen joan gara, bai bakarka bai talde modura"

Aritz Maldonado 2024ko mai. 6a, 09:11

Zornotzako eta Eako (Bizkaia) kideek osatzen duten Eztandap taldeak 'Eta ni begira' diskoa kaleratu du oraintsu. Rock doinuetan sakontzen jarraitzen dute. Martin L. Guevaragaz grabatu dute, Bilboko Silver Recordings estudioetan.

Zelako harrera izan du Eta ni begira diskoak?
Oraingoz oso feedback positiboa jasotzen ari gara inguruko jendearengandik. Normalean gehien kritikatzen gaituzten lagun eta familiarrek ere esan digute gustuko dutela egin dugun lana, eta, beraz, pozik gaude.

Lehenengo lanetik bigarrenera, zein da aldaketarik nabarmenena?
Lehenengoagaz alderatuta, disko hau errazago entzuten dela uste genuen hasieratik. Azken urteetan eboluzionatzen joan gara, bai bakarka bai talde modura, eta hobeto ezagutzen dugu elkar. Horri eskerrak, abestiak lantzerako orduan identitate propioa fintzen joan gara eta muinera joaten ahalegindu gara, guretzat behar-beharrezkoa zena soilik erabilita. 

Martin L. Guevaragaz grabatu duzue. Zelako esperientzia izan da?
Egundoko esperientzia izan da, egia esan. Bere estudioan egindako beste lan batzuk ezagutzen genituen eta beragaz grabatu duten ezagunek oso erreferentzia onak eman zizkiguten, baina espero baino hobeto joan da dena. Oso esperientzia gutxi geneukan zuzenean grabatzen, eta oso eroso sentitu gara prozesu osoan zehar. Lau egun genituen lana amaitzeko, eta tartean bideoklip bat grabatzeko astia ere izan dugu. Martin forever.

Hainbat kolaborazio izan duzue diskoan.
Bai! Oso eskertuta gaude haien ekarpenagaitik. Ekhi (Nevadah) eta Baini (Feline) Eako (Bizkaia) lagunak dira, eta Aneren (Sua) kasuan, anekdota bitxi bat dugu. Eztandap sortu aurretik, orain dela hamar bat urte, Asier biok eta Ane musika egiteko geratzen hasi ginen, magisteritzako gradua amaitzen genbiltzan sasoian. Lehenengo abestiko letra Anek idatzi zuen, eta berreskuratu egin gura izan dugu disko honetarako. Berari abesteko proposatzeak zentzu guztia zuela iruditu zitzaigun eta emaitza ezin hobea izan da, gainera.

Maiatzaren 10ean zuzenean aurkeztuko duzue. Gogotsu zaudete?
Kruddö eta Blanco y en Botella taldeetako lagunak ondoan gura genituen kontzertu berezi honetan. Alde batetik, Bilbon egitea erabaki genuen, uste genuelako errazagoa izango zela jende gehiago elkartzea, eta, bestetik, jai on bat antolatu eta herriko hiru taldek hiriburuan zer egiten duten erakutsi gura genuelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!