Amorebieta salbaziotik puntu batera kokatu da azken bost jardunaldietan hamahiru puntu batuta

Anboto 2024ko api. 18a, 11:42
Iker Unzueta Levanteren kontrako gola ospatzen, joan zen asteburuan. Argazkia: laliga hypermotion

Otsailetik hona aldatu egin zaio panorama Amorebietari. Nortasun handia erakutsiz, taldeak erreakzionatu egin du zuloan zegoela, eta meritu handiko emaitza bolada darama. Azken bost partiduetatik lau irabazita, azken laugarren tokian kokatu da sailkapenean, eta orain puntu bakarrera du salbazioa.

Taldea golegile dabil. Hamar gol sartu ditu azken bost partiduetan. Aurretik, 22 gol zeramatzan 32 partidutan. Aldea nabaria da. Alderdi horretan, eskualdeko jokalarien ekarpena ere azpimarratu beharra dago. Iker Unzuetak hiru gol daramatza ligan, euretariko bi azken jardunaldi bietan. Racing Ferrolen kontra sarturiko penaltiak markagailua borobiltzeko balio izan zuen (3-1), baina joan zen asteburuan Levanteren zelaian sarturikoa funtsezkoa izan zen partidua irabazteko. Bana zihoazela, Unzuetak garaipenaren gola sartu zuen jokaldi eder bat egin eta gero. Kontraeraso batean, zelai erdian baloia jaso, atzelariari izkin egin, aurrera azkar egin, eta ate aurrean azpitik gurutzatu zuen baloia. Urte hasieran taldera batu zenetik —Portugalgo Vizela taldeak utzita— jokatu dituen minutuetan ederto aprobetxatu ditu aukerak aurrelari abadiñarrak.  

Jon Morcillok, bere aldetik, gol bi daramatza, eta biak garrantzitsuak. Bata Romaredan hiru puntuak batzeko balio izan zuena, falta jaurtiketa bikain bati eskerrak. Bestea orain jardunaldi gutxi Sporting Gijoni sarturikoa, taldeak markagailuan aurrea hartzeko balio izan zuena. Taldeko golegile nagusia Eneko Jauregi muxikarra da, sei golegaz.

Falta diren partiduak
Bigarren Maila hain dago parekatuta ze, ia denek dutela zeozer jokoan. Despistatzen dena jaitsieraren atarian egon daiteke bat-batean, edo igoeratik kanpora. Testuinguru horretan, Eibarren, Valladoliden, Espanyolen eta Burgosen kontrako partiduak bereziki gatxak izango dira, laurak igoerako borrokan bete-betean sartuta daudelako. Mirandesen eta Vila-real B-ren aurkako neurketetan ere ez da tentsiorik faltako, Amorebietaren aurkari zuzenak direlako. Sailkapenari erreparatuta, une honetan Tenerife da jokoan gutxien duena, eta egoera horretan hiru puntuak batzeko irteera aproposa izan daiteke urdinentzat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!