Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: “Herrian zikoinak izatea pribilegio bat da”

Ekaitz Herrera 2024ko api. 15a, 14:15

Zikoinak Durangaldeari gustua hartuta dabiltzala dirudi. Eskualdean sei ditugu. Bikote bi Zornotzan egonkortuta daude, eta beste ar bi Durango eta Elorrio artean dabiltza emea topatu eta kumaldia izateko ahaleginetan. Aitor Galarza Ibarrondo Bizkaiko Foru Aldundiko basozaina da. Biologian doktorea da eta ornitologia ikertzen eta dibulgatzen lan egiten du

Zornotzako kaleetatik goialdeetara begiratuta presentzia atsegin bat topatuko du ibiltariak. Zikoina bikotea Andra Mari elizako kanpandorrean, eta beste zikoina bikote bat Ixer aldeko antena telefonikoan. Han dituzte habiak. Eta egonaldi hori urtero-urtero errepikatzen dute. Beraz, badirudi zikoinak Zornotzari gustua hartuta dabiltzala. Hegazti atsegin honen jarrera eta misterioak argitzeko, ANBOTOk Bizkaiko Foru Aldundiko Aitor Galarza basozaina elkarrizketatu du. Galarza biologian doktore da. Ornitologia ikertu eta dibulgatzen du. Urdaibain lan egiten du eta bere denbora librean eraztunak ipintzen dizkie hegaztiei. 

Zenbat zikoina ditugu Durangaldean?

Gaur egun zikoina bikote bi ditugu, Zornotzan biak. Eta azken urteotan ikusi dugu beste ar bi emea topatzeko ahaleginetan dabiltzala. Bietariko bat Durango eta Elorrio artean mugitzen dabil. Bestea Durangoko Santa Ana elizaren inguruan ahalegintzen dabil habia egiten. Baina oraingoz ez dute emerik topatu. Orain, martxo-apiril aldean izaten da zikoinak Afrikatik Europa iparraldera migratzen duten sasoia. Beraz, ar horiek biak emea topatzen eta kumeak izaten ahaleginduko dira. Eta topatzen ez badute, beste saiakera bat egingo dute datorren urtean. Adibidez, Gernikako kanpandorre batean ar bat bakarrik egon da, eta aurten emea topatu eta bikotea osatu dute. Durangokoari berdina gerta dakioke. 

Zertara datoz Afrikatik hona?

Kumeak izatera. Zikoina zuria Europan zehar barreiatuta dagoen espeziea da. Eremu zabaletan egoten da, landa eremu eta padura inguru zabaletan. Basoa ekiditeko joera du, eta inguru zabaletan topatzen ditu bere elikagaiak. Ez da belarjalea, haragijalea baino. Irensteko gai den animaliak jaten ditu. Berdin arratoi bat zein inurri bat. Sugeak, sugandilak, intsektuak, kilkerrak, saguak... jaten ditu. 

Zelakoa da zikoinen bizi-zikloa?

Normalean abenduaren amaieran edo urtarrilaren hasieran etortzen dira hona. Helduak direnak, eremua aurretiaz finkatuta dutenak, nahiko goiz etortzen dira. Gero, martxo aldean arrautzak ipintzen dituzte. Txitak apirilaren amaieran jaiotzen dira, gutxi gorabehera. Kumeen hazkundeak hile bi eta erdi irauten du. Uztailean guztiz lumatuta egoten dira, hegan egiteko prest. Eta uztailaren erdialdean alde egiten dute hemendik, hegoaldera. Askotan leku batean biltzen dira lehenengo. Adibidez, Iberiar penintsulako hegoaldean. Eta handik, Gibraltarko itsasartetik Afrikara igarotzen dira. Saharaz hegoaldeko lurrak izaten dituzte helmuga. 

"Hegazti monogamoa da, oso fidela. Baina bietariko zeozer gertatzen bazaio, bestea atoan ahaleginduko da beste bikotekide bat topatzen"

Urtero errepikatzen dute migrazio joera hori?

Bai. Naturak bere elikagai pikoak ditu. Negu giroan elikagai gutxiago dutenez, zikoinek hego hemisferiora jotzen dute hango beroan janari gehiago topatuko dutelako. Eta han behean tenperatura hotzagoa egiten duenean, alderantziz gertatzen da, hemengo epelera etortzen dira elikagai bila. Horregaitik, aldaketa klimatikoak eragin handia izan dezake haien bilaketa-sen horretan. Bestalde, azken hamarkada hauetan geroago eta gehiago dira urte osoan zehar Iberiar penintsulan egonkortzen diren zikoinak. Araba eta Nafarroa aldean, esaterako, batzuk egonkor daude. Berdin Iberiar penintsulako hegoaldean. Eta hor bada beste faktore bat: zabortegiak. Zabortegietan egunero dago janaria. Zikoina gazteek zabortegia elikagai biltegi modura erabiltzen ikasi dute. Zertarako joan Afrika hegoaldera hemen egunero badute jatekoa? Zabortegien ondoan animalia asko batzen da. Berdin zikoinak, putreak edo kaioak.

Durangaldeak zein eremu eskaintzen dio zikoinari?

Zikoina hona sartu bada, orain hamabost urte Urdaibain zikoina sartzeko proiektu bat egin zelako da. Oso animalia taldekoiak dira. Euretarikoren batek inguruan habia bat dagoela ikusten badu, eremua aproposa dela ikasiko du. 

Zornotzako bikoteek non dute habia?

Bikoteetariko batek Andra Maria elizako kanpandorrean du habia. Beste bikoteak Ixer inguruko telefonia antena batean. Azken bikote hau izan zen Zornotzara heltzen lehenengoa. Orain hamar bat urte egin zuten habia antenan. Edozelan ere, zeozer gertatu da. Orain hamar urteko bikotea eta oraingoa desberdinak direla dirudi. Zikoina haiei eraztuna ipini genien, eta oraingoek ez dute halakorik.

"Azken urteotan ikusi dugu beste ar bi emea topatzeko ahaleginetan dabiltzala. Durango eta Elorrio artean dabiltza"

Zelakoa da zikoinaren portaera?

Oso animalia adimentsua da, oso azkarra. Monogamoa da, oso fidela bikotekideagaz. Beti. Eta bietariko bati zeozer gertatzen bazaio edo desagertu egiten bada, bestea atoan ahaleginduko da beste bikotekide bat topatzen. Eta normalean lortu egiten du. Bai emeak, bai arrak. Gogoratzen dut behin, Urdaibain, eraztuna ipinita zeukan zikoina bat tiroz hil zutela. Arra hil zuten. Hori dela eta, emeak alde egingo zuen beldur nintzen. Eta hara, ez. Hamabost egun igarota, emeak bikotekidea topatu zuen. 

Zelan bilatzen dute elkar? Zelan osatzen da bikotea?

Eme bila dabiltzan arrek gora begira ematen dute egun osoa, zerura begira. Haien ikusmena gurea baino hiru bider garatuagoa da. Bada, zerura begira daudenean urrutian emeren bat igarotzen dela ikusten badute, arra hegan hasten da gorantza. Zeruan galtzen dira biak, prismatikoen irismenetik kanpora dagoen eremu urrutian. Han ez dakigu oso ondo zein komunikazio izaten duten, baina beherakoan, biak badatoz, arra eta emea, orduan bikotea osatu dutelako da. Batzuetan, biak jaitsi arren, emea joan egiten da. Gertatzen dira halakoak. Edozelan ere, arrak saiakera hori egiten du. Saiakerak egiten jarraitzen du harik eta bikotekidea lortzen duen arte. Hori Urdaibain ikusita daukat. Zikoina gazteak Kataluniatik ekarri eta Urdaibain askatu genituen. Gora begiratzeko jarrera hori eta zerutik bikotean jaistekoa hiru bider ikusi dut. Arrano arrantzaleagaz ere halako zeozer gertatzen da. Ar gaztea leku batean finkatuta egoten da, eta eme bat ikusten duenean, arrain bat harrapatu eta emeari eskaintzen dio. Eta hor ere gertatu daiteke arra hiru-lau egunez emeari arraina jaten eman eta emeak gero alde egitea.  

Eta habiari dagokionez, zein jokamolde dute?

Oso burugogorrak dira. Urtero-urtero bueltatzen dira kumeak izan dituzten habia berera, beti leku berera. Zornotzako antenaren kasua ikustea baino ez dago. Urteetan antenaren bueltan hainbat tramankulu ipini duten arren, zikoinek, oztopoak oztopo, bertan izaten dituzte kumeak beti. Ez dakit zelan lortzen duten, izan ere, badituzte kumeak izateko leku erosoagoak. Baina lehendik erabilitako habiara jotzen dute beti. Habia lehenengoz egiten dutenean, eta kumeak hil egiten badira, orduan bai, beste habia batera joaten dira. Baina kumeak ondo izaten badituzte, orduan leku segurua, aproposa eta erosoa dela interpretatuko dute. Beraz, hor jarraituko dute datozen urteetan ere. Migrazio bidaian, normalean arra izaten da lehenengoa hona heltzen. Habia prestatzeari ekiten dio, eta handik hamar-hamabost egunera heltzen da emea. Bien artean amaitzen dute habia. Badirudi habia elkarregaz atontzea bikote hartu-emana sendotzeko era bat dela.

"Oso burugogorrak dira. Urtero-urtero bueltatzen dira kumeak izan dituzten habia berera, beti leku berera"

Zelakoak izaten dira kumaldiak?

Errutea 1-5 arrautzatakoa da, baina bi edo hiru ipintzen dituzte normalean. Askotan, bost kume dituztenean, infantizidioa egiteko joera dute. Bost kume aurrera ateratzeko nahikoa elikagai ez dagoela interpretatzen badute, bikoteak kume bat edo bi hilko ditu. Habiatik behera botatzen dituzte. 

Zornotzan eta eskualdean zikoinak gure artean izateak zer esanahi du zuretzat?

Zikoinak uztail partean joango dira eta datorren urtean berriro bueltatuko dira. Iruditzen zait hemen zikoinak izatea pribilegio bat dela. Oso gauza erakargarria eta polita da. Ez dakit herritarrak konturatzen diren inguruan duten pribilegioaz. Gero, beti gertatzen da prozesu bera. Orain, zikoina zuria gure artean dagoenean, jende askok ez dio begiratu ere egingo. Baina joatean, gure artetik desagertzean, jendea kezkatu egingo da. Eta berriro ere bueltatzen denean, poztu egingo gara ostera ere. Horrek erakusten du gustatu egiten zaigula zikoina gure artean egotea. Gainera, gure artean dagoen hegaztia da, gertukoa; ez dago basoan ezkutatuta. Herri batean zikoinak izatea pribilegio handia da.   

Kultura popularrean erroturiko mito batek dio zikoinak Parisetik datozela eta umeak dakartzatela. Nondik dator kondaira hori?

Ez dakit non sorturiko kondaira den. Esango nuke zeozer metaforikoa dela. Zikoina urtarril aldean etortzen da, urtea hasten denean. Eta etortze horrek, beste hegazti askoren kasuan lez, bizitza berri bat irudikatzen du, aro berri bat.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!