[BIDEOA] Espainiako Kopako finala Sevillan, giroarekin gozatu, ingurua ezagutu eta lagun berriak egiteko aukera

Anboto 2024ko api. 5a, 15:01

Beñat Ormaetxea, Zornotzako Jauregibarria jatetxeko arduraduna, Andaluzian da Espainiako Kopako finala ikusteko. Sevillara joan aurretik, Xerez eta Cadiz inguruak ezagutzen ari da eta hantxe ezagutu du Bamba, Euskal Herrian egon barik euskaraz dakien senegaldarra.

Bambarekin grabatu duen bideoa birala egin da sareetan. Cadizko Sanlúcar de Barrameda herrian ezagutu du. Euskal Herrian sekula egon barik, hara doazen bisitari euskaldunekin ikasi omen du dakien euskara, bideoan Bamba berak azaltzen duenez. Athleticen ereserkia ere buruz daki. Tankera honetako makina bitxikeria uzten ari da Espainiako Kopako finalaren ataria, bertaratu diren milako athleticzaleen artean.

"Ni ez naiz oso futbolzalea ere, baina alabak bai, oso futbolzaleak dira, eta hona etortzea bizipen polita zela iruditu zitzaigun", azaldu du Ormaetxeak. Conilen egon dira, lagun batzuen etxean eta turismoa egin dute inguruak ezagutzeko eta hango gastronomiaz gozatzeko. Iluntzean Sevillara joan dira. Bihar Euskal Herritik doazen beste lagun batzuekin elkartuko dira eta denek elkarrekin bazkalduko dute, Ormaetxearen lagun baten jatetxean. 

Partidua harmailetan bizitzeko aukera izango dute. "Zortea izan dugu eta sarrerak lortu ahal izan ditugu. Denok futbol zelai barruan egongo gara". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!