Itzulia Urkiolatik igaroko da bihar Zornotzan amaituko den etapan

Anboto 2024ko api. 4a, 19:00
Nafarroa kalean egongo da helmuga.

Hiru bider igaroko da Zornotzatik bertan helmugaratu aurretik.

Itzuliko bosgarren etapa Durangaldetik ibiliko da bihar, barikuan. 13:00etan Gasteizen hasiko den etapa Zornotzan amaituko da, 17:30 inguruan.

Txirrindulariak hiru bider igoko dira Zornotzatik, bertan helmugaratu aurretik. Lehenengoa 14:45 inguruan izango da. Nafarroa kaletik igaroko dira Iurretarako noranzkoan. Orduan igoko dute Urkiola mendatea, Izurtzatik eta Mañaritik igaro ostean. Urkiola gainetik 15:15 inguruan igaroko direla aurreikusten da.

Otxandiotik Arratiara hartu eta Zornotzara itzuliko dira 16:10 inguruan. Nafarroa kaletik igaro ondoren Euba-Muniketa-Zugastieta-Zornotza zirkuitua birritan egingo dute txirrindulariek. Zornotzako hirugarren pasaldian San Migel kaletik -udaletxearen aurrekoa- igaroko dira ziklistak. Azkenik, 17:30 inguruan, Nafarroa kalean kokatutako helmugan amaituko da etapa.

Biharko etaparen ordutegia LOTURA HONETAN ikusi daiteke.

Trafiko-etenaldiak

Biharko etapa dela eta Zornotzako Udalak hainbat neurri hartu ditu trafikoaren inguruan. Debekatuta egongo da Nafarroa kalean aparkatzea (San Juaneko biribilgunetik Nafarroa aparkalekuraino, aparkalekuan bertan ere bai), baita Bizkargi, Belatxikieta, Jauregibarria eta Azoka kaleetan ere. Debeku hori gaurtik bihar 19:00etara arte egongo da indarrean.

Horrez gain, debekatuta egongo da kale horietan guztietan zirkulatzea bihar 16:30etik 18:30era arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!