Gaur aurkeztu dute Zornotzan Itzuliko 5.etapa

Anboto 2024ko mar. 27a, 15:23

Lasterketa apirilaren 5ean jokatuko da. Gasteizen irten eta Zornotzan amaituko da.

Gaur goizean Itzuliko bosgarren etaparen xehetasunak aurkeztu dituzte Zornotzan. Bertan Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak eta Julian Eraso, OCETAko presidenteak parte hartu dute. "Harro egoteko modukoa da aurten berriro ere Zornotzan Itzuliko etapa bat egotea", adierazi du Ainhoa Salterainek. "Oso pozik gaude aurten ere Zornotza Itzulian egongo delako. Udalerri honek lotura historiko handia dauka txirrindularitzarekin", jarraitu du Erasok.

Itzuliko bosgarren etapan txirrindulariek 175,9 kilometro egin beharko dituzte. Lasterketa Gasteiztik abiatuko da eta Zornotzan amaituko da, tartean Urkiolako mendatea igo beharko dute.

Trafiko-etenaldiak

Bestalde, lasterketa dela eta, trafikoa antolatzeko neurriak hartu dituztela azaldu dute. Apirilaren 4tik 5era debekatuta egongo da Nafarroa kalean aparkatzea (San Juaneko biribilgunetik Nafarroa aparkalekuraino, aparkalekuan bertan ere bai), baita Bizkargi, Belatxikieta, Jauregibarria eta Azoka kaleetan ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!