'Heldu kulturari Zornotzan' topagunea egingo dute zapatuan

Anboto 2024ko mar. 19a, 16:06

Zornotzako kultur elkarte eta eragileen arteko topagunea izango da 'Heldu kulturari Zornotzan'; 12:00etan izango da, Zelaieta zentroan. Antolatzaileek tokiko kulturaren lanketan eta parte hartzean "inflexio puntu bat" izatea gura dute. 

"Gure kulturaren norabidea elkarrekin definitzea, elkar hobeto ezagutzea eta etorkizunerako erronkak ezartzea ahalbidetuko du 'Heldu kulturari Zornotzan' ekimenak", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. Bestalde, Koldo Bilbao Kultura, kirol eta herritarren segurtasunerako zinegotziak eragileen arteko harremanak duten garrantzia azpimarratu du. "Ziur gaude kulturak gure gizartearen garapenaren funtsezko zutabeetako bat izaten jarraitu behar duela. Hori dela eta, 'Heldu kulturari Zornotzan' ekimena aukera bat da konpromiso hori indartzeko eta gure kultur sarea osatzen duten erakunde guztien arteko lankidetza eta trukea sustatzeko". Abes Kimu abesbatzagaz sortu da ekimen hau, eta bertako kidea den Ana Saratxagak etorkizunean proiektuak sortzeko aukera dela nabarmendu du. "Nola erakar ditzakegu belaunaldi berriak gure kultur elkarteetara? Nola aldatu da Zornotza azken urteotan, eta nola egokitzen ditugu gure kultur proposamenak horietara?". Aritz Labrador Zornotzako Musika Bandako zuzendariak, ostera, kulturgintzan lan egiten dutenen lana txalotu du. "Bakoitzak egiten dituen jarduerak gertutik ezagutu nahi ditugu, elkarri nola lagun diezaiokegun aztertu nahi dugu, eta batez ere, ezagutza partekatzeko plataforma bat eraiki nahi dugu, etorkizuneko lankidetzan pentsatzeko aukera emango diguna". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!