Zornotzako ordezkaritza batek Errumaniako Máslenitsa ospakizunean parte hartuko du

Anboto 2024ko mar. 15a, 09:59

Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak Brailara bidaiatu du, Errumaniara, hango Máslenitsa jaialdia bisitatu, eta bertako kultura eta tradizioa gertutik ezagutzeko asmoagaz; Juravca abesbatza zornotzarrak gonbidatuta bidaiatu du. 

Máslenitsa Errusia eta Lipovenaren antzinako ohitura da, eta Brailako Errusiar Lipovenar Komunitatearen egoitzan egingo da. Zornotzak eta Brailak elkar ezagutzeko abiapuntua eta aukera ona direla nabarmendu du Salterainek. "Zornotzar hauek herriaren eguneroko bizitzaren parte dira eta herriko jaialdietan parte hartzen dute. Adibide gisa, Juravca abesbatzak Santa Ageda jai tradizionalean parte hartu zuten eguna gogoratu nahi dut. Gainera, euren eguna ospatzen dute herrian, gainerako zornotzarrei euren ohitura eta tradizioak erakutsiz. Eskertzen dut gure kultura-aniztasunaren aberastasuna elkarrekin ospatzeko aukera hau, gure desberdintasunak errespetatuz eta baloratuz", azaldu du ohar baten bidez. 

Máslenitsa ospakizuna gaur izango da, martxoaren 15ean, eta Haravod bezala ezagutzen den kalejira batekin hasiko da; bertan, hainbat abesbatzek eta musika tradizionaleko abeslarik parte hartuko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!