Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua berritu dute

Anboto 2024ko mar. 14a, 13:53
Ekolurrak Zornotzako Jauregibarrian du bere egoitza.

2030erako helburu modura ipini dute ortuen %25 eredu ekologikoan lantzea. Momentu honetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritza lurren %5 da ekologikoa.

Ekolurrak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, bere organigrama aldatu du. Datozen lau urteetan honako kide hauek osatuko dute kontseilua: Judit Gartzia Llorens (lehendakaria; abeltzaina eta esneki ekoizlea ere bada), Garikoitz Aiesta Etxaniz (lehendakariordea eta abeltzaina), Raul Rituerto Turrado (Arabako ordezkaria, abeltzaina eta nekazaria), Sonia Ingunza Zumalde (Bizkaiko ordezkaria, baratzezaina), Miren Nekane Tomasena Elorza (Gipuzkoako ordezkaria eta baratzezaina), Anna Montserrat Minguella (okin arabarra), Jose Ramon Arrieta Zialzeta (artzain eta gaztagile gipuzkoarra) eta Iker Iglesias Eguia (pentsu ekoizlea). Era berean, kontsumitzaileen ordezkari bezala Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteko Jon Ariño dago. Ekolurrak Zornotzako Jauregibarrian du bere egoitza.

Egoera

2023an ekoizpen eredu ekologikoan kudeatutako 1.668 hektarea berri egonkortu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrenbestez, Autonomia Erkidegoan ortugintza ekologikoa lantzeko 10.772 hektarea daude dagoeneko. Hazkunderik handiena Bizkaian eman da, %29ko igoeragaz. Hazkundea %20koa izan da Gipuzkoan eta %13 Araban. 

Aurrera begirako erronkak

Nekazaritza ekologikoak goranzko joerari jarraitzen dion arren, urruti dago Europako Itun Berdeak markaturiko helburutik. Momentu honetan lurren %5ean lantzen dira era ekologikoan, baina Ekolurrak bere gain hartu du 2013erako lurren %25 era ekologikoan lantzeko erronka. "Erronka horri heltzeko bidean garrantzitsua da, alde batetik, bertoko ekoizpen ezaugarrietara egokituta dagoen nekazal ekoizpen ekologikoa babesten jarraitzea, agroekologia bultzatuz. Eta bestetik, ekoizleentzat merkaturatze modu duinenak indartzea eta kontsumitzaileei horiek erabiltzeko erraztasunak ematea", azaldu du ekolurrak. "Gizartearen zati handi batek ekologia, ingurumena, osasuna, bizitza eta ondo elikatzearen inguruan kontzientziazio altua du, baina ekintzarako deia egin behar da, erronka bertoko elikagai ekologikoak aurkitu eta erostea da", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!