Astelehenean Andorraren zelaia bisitatuko du; azkena eta azken-aurrekoa elkarren kontra. Lau puntu talde bien artean. Hiru puntuak lortzea bezain garrantzitsua izango da aurkaria eurak barik uztea.
Egoera zein den ikusita, begi ertzetik aurkarien jarduna ere jarraitu beharra dago. Alcorcon azken-hirugarrenak eta Vila-real B azken-laugarrenak partidu gatxak dituzte. Igotzeko borrokan bete-betean sartuta dauden Sporting eta Eibar izango dituzte kontrario, hurrrenez hurren.
Gol gabezia
Kabalak kabala, puntuak zelaian banatzen dira eta hor Amorebietak badu zer hobetu, batez ere erasoan. 30 partidutan 22 gol sartzea uzta pobrea da. Gabezia horri aurre egiteko, klubak Iker Unzueta abadiñarra eta Jürgen Locadia herbeheretarra fitxatu ditu azken hilean. Orain aste bi, Unzuetak gol ederra sartu zuen, buruz, Albaceteren kontrako berdinketan. Locadia heldu berria da. Joan zen asteburuan Leganesen kontrako azken 20 minutuetan jokatuta debutatu zuen. 30 urteko jokalaria PSV taldean hezi zen. Gerora, Ingalaterrako, Alemaniako, AEBetako, Irango eta Txinako maila gorenetan jokatu du.