2023an ¿Por Qué Quedarme Callada? kaleratu zenuen eta hainbat hiriburutan ibili zara. Zelako esperientzia izaten ari da?
Oso ona, egia esan. 2022ko amaieran disko laburra atera genuen, abenduan, eta 2023an hasi nintzen kontzertuak ematen, urtarrilean. Bakarkako bira bat egin nuen, zenbait instrumentu joaz: gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa eta pianoa. Bilbon, Iruñean, Donostian, Madrilen eta Bartzelonan izan naiz, besteak beste. Esperientzia polita izan da eta bakarrik jotzera ausartu naizen lehenengo aldia izan da. Batzuetan bakarrik jo izan dut, hiru-lau kanta, promozio baterako. Ordu eta erdiko kontzertu bat bakarrik egitea izan da berria niretzat. Banuen beldurra, edo errespetua, beste musikariekin bazaude lasaiago zaudelako. Baina oso gustura jo dut bakarrik, eta jendeagaz eta neure lanagaz oso gustura sentitu naiz. Esango nuke jendeak asko baloratzen duela bakarrik jotzea eta instrumentu desberdinak jotzea.
Alex Ubagoren 20 años birako artista gonbidatua izan zara.
Bai. Kontzertu bitan izan nuen aukera hori. Berak baino lehenago jo nuen; ordu erdiko kontzertuak izan ziren, Bilboko Kafe Antzokian eta Iruñeko Zentral aretoan. Oso esperientzia polita izan zen, bere lantaldeak oso ondo tratatu ninduen eta bere publikoari nire kantak ezagutaraztea ederra izan da. Alex oso jatorra da, gertukoa, eta hartu-eman polita sortu dugu.
2006an Seiren taldeagaz hasi zinen. Geroago, bakarrik aritzea erabaki zenuen. Zein izan zen inflexio puntua?
Seirenegaz ilusioa galdu genuen. Taldekide bakoitza bere kontuetan murgildu zen eta etenaldi bat egin genuen. Abesti batzuk idatzita nituen, baina Seirenen ez zuten lekurik. Orduan, abestiak biltzen hasi nintzen, ingurukoekin berba egin nuen eta aurrera jarraitzeko esan zidaten. Prozesu naturala izan zen.
Euskaraz eta gaztelaniaz abestu izan duzu. Zelakoa izaten da sormen prozesua?
Euskaraz zein gaztelaniaz idazten dut, modu naturalean irteten zaidana idazterako momentuan. Seiren taldean geundenean, batez ere euskaraz idazten genituen kantak, baina batzuetan gaztelaniaz ere bai. Orain, ostera, alderantziz gertatzen zait. Gaztelaniaz egin dudanez, azken proiektua gaztelaniaz idatzi gura nuen, baina abesti batzuek euskara eskatzen zidaten.
2018an A la luz de la luna abestia egin zenuen. Bideoklipa Islandian grabatuta dago.
Proiektu berria hasterakoan, abesti batzuk grabatu nituen, eta A la luz de la luna izan zen kaleratu nuen lehenengoa, single formatuan. Oso gustura geratu nintzen abestiagaz, indarra zuela uste nuen eta zeozer desberdina eta deigarria egin gura nuen proiektuari hasiera emateko. TAOM ekoiztetxekoak lagunak ditut eta eurekin berba egin nuen, nire ideiak proposatu nizkien. Geroago, berriro elkartu nintzen eurekin, eta proposamen bat egin zidaten: Islandiara joatea eta iceberg batean grabatzea. Horrela grabatzeko gogoa zuten eta ni prest nengoen.
Neox Discover lehiaketako saria irabazi zenuen.
Bideoklipak bidali behar ziren eta lehiaketara aurkeztu nintzen. Jende askok parte hartu zuen eta epaimahai batek eta publikoaren botoek banatzen zituzten sariak. Hiru irabazle egon ginen eta hortik beste bide bat zabaldu zitzaidan.
Punto de Partida albuma Paco Salazarregaz grabatu zenuen. Zelako esperientzia izan zen?
Abestiak idatzita eta landuta nituen, maketak eginda, eta beste puntu bat eman gura nion. Sare sozialen bitartez jarri nintzen hartu-emanean Pacogaz. Nire abestiak bidali nizkion, gustatu zitzaizkion, eta aurrera egin genuen. Bigarren diskoa, adibidez, Juan Guevaragaz egin dut. Pacoren bitartez ezagutu nuen, lehenengo diskoa grabatzen geundela.
Momentu honetan, zer duzu esku artean?
Taldeagaz kontzertu formatu berri bat prestatu dut 2024rako. Urtarrilean estreinatu genuen, Zornotza Aretoan. Hiru musikari egoten gara eszenatoki gainean. Nik abestu eta gitarra elektrikoa jotzen dut, solista; Antxon Sarasuak soinu baxuak jotzen ditu, teklatu bategaz, eta pianoagaz, sintetizadoreagaz eta koruekin ere aritzen da. Ander Zulaika bateria-jotzailea da eta koruak ere egiten ditu. Hirurok abesten dugu eta hirurok jotzen ditugu instrumentuak. Asko landu ditugu moldaketak, gustura gaude eta uste dut banda baten soinua lortu dugula.
Zelakoa izan zen estreinaldi hori zure herrian, Zornotzan?
Oso polita. Seiren taldeko Jokin gonbidatu izan genuen, eta abesti bi jo zituen gugaz. Oso hunkigarria izan zen. 8 urte ziren eszenatokia azkenengoz partekatu genuenetik.
Hemendik aurrera, zeintzuk helburu dituzu musikan?
Musikan jarraitu ahal izatea gura nuke, musika sortzen eta kaleratzen, eta kontzertuetan jotzen. Ez dut besterik eskatzen.