“Pabloren atxiloketa politikoa da, auzi politikoa da Polonian”

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 8a, 14:00

Pablo Gonzalez kazetariak urte bi baino gehiago daramatza preso Polonian. Hango inteligentzia zerbitzuek atxilotu zuten, 2022ko urtarrilaren 28an, Ukrainagaz mugakidea den Przemysl hirian. Gonzalez Ukrainako inbasioaren berri emateko lanetan zebilen, kazetari. Inteligentzia zerbitzuek Errusiarentzat espioitza lanak egitea egotzi diote. Oihana Goiriena Pablo Gonzalez kazetariaren emaztea da. Asteon, Nañon euskara elkarteak antolatuta, berbaldia eman du Zornotzako Txiri-txiri tabernan, senarraren egoera azaltzeko. 

Zelan dago Pablo?
Ditudan azkenengo berriak orain aste bikoak dira, Espainiako eta Poloniako abokatuek Pablori eginiko bisitakoak. Abokatuek animoz eta osasunez ondo topatu zuten. Baina, jakina, kartzelan edo kalean animoz ondo egotea ez dira gauza bera, ongizatea ez delako metrika berdinagaz neurtzen barruan edo kanpoan. Eusten dabil, kirola egiten du, eta dituen aukeren artean ondo jaten ahalegintzen da.

Zein puntutan dago auzia?
Otsailaren erdialdean bere espetxealdia luzatzea erabaki zuten, beste hiru hilabeterako. Horrek esan gura du 27 hilabeteko espetxealdia beteko duela han, gutxienez; hori seguru. Beste guztiak berdin jarraitzen du. Ez dute bere kontrako kargurik aurkeztu, ez dute frogarik aurkeztu, eta ez daukagu epaiketa datarik. Daukagun segurtasun bakarra da hau atxiloketa arbitrario bat izan dela. Abokatuak ere ikusi du hori. Bere atxiloketa arrazoitzeko, oraintxe dabiltza diligentziak egiten, orain urte bi barik. 

Atxiloketa justifikatzeko, zein arrazoi dagoela esan dizuete?
Atxilotu zutenean, senarrak telefonoz deitu zidan. Zerbitzu sekretuek atxilotu zutela eta ondo zegoela esan zidan. Eta abokatuari deitzeko. Ez zioten utzi askoz gehiago esaten. Gero, Espainiako gobernuak Polonian duen kontsuletariko batek deitu zidan, eta esan zidan ez zutela atxiloketaren inguruko informazio ofizialik. Hasierako hiru egunetan, Pablo bakar-bakarrik egon zen, babesik barik, abokaturik barik, atxiloketaren arrazoiak adierazi arte kontsulak ezin zuen-eta auzian esku hartu. Poloniako Gai Berezietako ministerioak handik egun batzuetara adierazi zigun zein zen arrazoia. Baina karguak zehaztu barik daude oraindino.  

Urte hauetan bietan izan duzu senarra bisitatzeko aukerarik?
Bisita bi baino ezin izan ditut egin urte bian. Lehenengoa 2022ko azaroan izan zen, eta bigarrena iazko ekainean. Ez dugu telefonoz edo bideo-deien bitartez berba egiteko aukerarik. Abokatuen bitartekaritzagaz baino ezin gara komunikatu. Azkenaldian, astean behin edo astean birritan izaten dute berba egiteko aukera. Dena dela, mezu laburrak baino ezin dituzte trukatu. Bestalde, posible dugu gutunez komunikatzea, baina mezuek zentsura igaro behar izaten dute. Gainera, eskutitzak hile bi berandu heltzen dira bere eskuetara.

Hiru seme dituzue. Zelan bizi duzue egoera hau?
Egoera ezjakintasun handiagaz bizi dugu, tristezia eta hutsune handiagaz. Hiru seme ditugu. Nerabea da bat, nerabea izateko bidean dago erdikoa eta txikiagoa bestea. Hazten dabiltza, eta, zelanbait esateko, haien eredu maskulinoa falta dute. Alde horretatik, egoera gogorra da.

Hemendik aurrera, zein bideri jarraituko diozue?
Pabloren auzia gai politikoa da Polonian, atxiloketa politikoa. Pabloren kasua beste gauza asko justifikatzeko erabiltzen dabiltza: haien zerbitzu sekretuak goraipatzeko, gastu militarraren igoera justifikatzeko. Besteak beste, Errusiak inbaditu egingo dituen ideia darabilte, gastu militarra igotzeko arrazoi modura. Eta hemen ere hasi gara halakoak entzuten. Alemanian ere ikusi dugu hori. Auzia marko horretan kokatzen dut. Orduan, honi guzti honi arlo politikotik heldu behar zaio, presio politikoa egin behar da. Eta horretarako ahalmena Europar Batasunak eta Espainiako Kanpo Harremanetarako Ministerioak daukate. "Honaino" moduko bat esan behar dute, arre edo iso. Izan ere, Poloniako legediaren arabera, behin-behineko espetxealdiek ez dute iraupen mugarik. Iraupena mugatuta balego, karguak aurkeztu beharko lituzkete. Epaiketarako data ipintzea gura dugu, prozesu garbi bat izatea, eta bien bitartean baldintzapean edo bermepean aske uztea. Eta hori ezin bada, espetxealdia hemen egitea, hemengo kartzela batean, familiarengandik gertu. Bisitatu ahal izateko eta telefonoz berba egiteko.

Free Pablo Gonzalez plataforma herritarrak kazetari presoari laguntza legala eman ahal izateko kontu korronte hauek ipini ditu eskura:

  • ES31 2095 0043 1091 2213 9880 (Kutxabank)
  • ES52 0182 1300 1802 0182 9747 (BBVA)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!