Martxoak 8

Zornotzako emakumeen kartzela, gerizpetik argira

Jone Guenetxea 2024ko mar. 6a, 09:04
Dokumentalerako Zornotzako emakumeekin grabaturiko sekuentzia.

Gerra zibileko hainbat pasarte latz bigarren mailan geratu zen, historialarien eta gizarte osoaren ahanzturan. Emakumeen kartzeletan gertaturikoa da horren adibiderik argienetariko bat. Hainbat hamarkada pasatu behar izan da kartzela horietan zer gertatu zen aztertzen hasi arte.

Frankistek emakumeentzako kartzelen zirkuitu bat sortu zuten estatu osoan. Katalunian hasi ziren: Tarragonan, Gironan, Bartzelonan... Mallorcan eta Andaluzian ere kartzela asko sortu zuten. Garrantzitsuena Malagakoa izan zen. Madrilen Ventasekoa zegoen, Las Trece Rosas emakume taldea egon zena. Guadalajaran, Oviedon... Euskal Herria ez zen salbuespena izan, eta Saturraranen, Durangon eta Zornotzan ere sortu zituzten emakumeen kartzelak. Preso zeuden emakumeek presondegietan sustrairik eta lagunik ez egiteko, alde batetik bestera eramaten zituzten. Etsaiaren menpe zeudela sentiaraztea zuten helburu.

Dokumentala grabatzen
Presondegi horietan bizitakoa jaso guran, azken urteetan hainbat lanketa egin dute. Azkena, Zornotzako Udalak martxan ipini duen dokumentalaren grabazioa da. Ikus-entzunezkoa maiatzerako prest izatea aurreikusten dute. Momentu honetan proiektua azken fasean sartuta dago.

Gaur egun El Carmelo ikastetxea dagoen eraikina emakumeen kartzela izan zen 1939tik 1947ra bitartean. Zortzi urtean 2.000 emakume inguru pasatu ziren presondegi honetatik, eta 48 lagun hil ziren bertan.

Zornotzako presondegitik pasatu ziren emakumeen testigantzek urte horietan han bizitako egoera lazgarrien berri ematen dute. Tomasa Cuevasen lekukotza aipatu daiteke bereziki. Hiru liburu idatzi zituen, Zornotzan eta beste kartzela askotan egoniko presoen lekukotzekin. Komunista aktiboa zen. Berari eskerrak, Zornotzako kartzelari buruzko informazioa jaso daiteke. Trinidad Gallego emagina Tomasa Cuevasegaz batera egon zen preso Zornotzan. Gallegok ama eta amama zituen kartzelan. Hirurek bat egin zuten Zornotzakoan. Emakume honek kontatzen du lurrean lo egiten zutela, ezelango berogailurik barik sasoi hartako neguetan. Emakume bat erditzear zegoenean edo umeren bat gaixorik ipintzen zenean, mojei deitzen zieten, baina ez zieten jaramonik egiten. Kartzela bakoitzak mediku bat zuen, baina hildakoak egiaztatzera baino ez zen joaten.

Ascensión Badiola historialariak Individuas peligrosas liburua kaleratu zuen, eta lan horretan Zornotzako presondegiari buruz ikertu zuen. Badiolak dioenez, Redención deituriko aldizkari bat kaleratzen zuten, propaganda legez.  Propaganda horretan, presoek jasoriko hezkuntza eta horrelakoak aipatzen zituzten. Zornotzako kartzelako argazki bat kaleratu zuten, emakume batzuk josteko tailer batean ageri direna. Argazki horretarako, bereziki prestatu zituzten. Horixe da kartzela horretaz ezagutzen den argazki bakarra. Tailer horretan, erregimenerako jantziak egiten zituzten. "Irudi hori eman gura zuten, kartzelaren helburuetariko bat berreziketa zelako, mentalitatea aldatzea. Gorriak izateari uztea gura zuten, eta frankismoko emakume idealak sortzea: emakume katolikoa, bere etxea zaintzen zuena, ama ona, emazte ona", argitu du Badiolak. Beraz, miliziana legez aritzetik oso urrun zegoen eredu bat zen. Emakume hauek gogor zigortu zituzten. "Askok kartzelan amaitu zuten eta asko fusilatu egin zituzten", gaineratu du Badiolak. Simona Aspiroz zen nagusia, eta gogor eutsi zion diziplinari.

Badiolak ikertu duenez, kartzela guztiek arautegi bera zuten. Goizetan, jaiki eta gero, ur beroa ematen zieten gosaltzeko. Ondoren, mezak eta errezuak egiten zituzten. Kartzelako zirkuituan denbora bat zeramatenei tailerretan lan egiteko baimena ematen zieten. Zornotzan eta estatuko iparraldeko kartzeletan, josteko tailerrak nagusitu ziren.

Zornotzako presoek gose greba bat egin zuten egoera hori salatzeko. Tomasa Cuevasen bitartez jakin ahal izan dugunez, metrailatu egingo zituztela mehatxatu zituen kartzelako zuzendariak. Hala ere, biharamunean, eman zieten ur beroari ortuariren bat bota zioten. "Kartzela hau emakumeak usteltzeko prestaturiko lekua zen. Zirkuitu osoa horrelakoa zen", adierazi du Badiolak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!