SD Amorebieta, futbol zelaian sexu-erasoei erantzuteko protokoloa ezarri duen La Ligako lehen kluba

Anboto 2024ko mar. 5a, 13:40

“Borondate onarekin eta lanarekin egin daitekeen guztia ongietorria da. Gaitz honen aurka borrokatzeko urrats hauek emateaz harro gaude”, azpimarratu du Jon Larreak, Amorebietako presidenteak.

S.D. Amorebietak neurri aitzindaria hartu du estatuko futbol profesionalean. Estadioan sexu-erasoei erantzuteko protokolo bat ezarri duen La Ligako lehen kluba izan da, ohar batean jakinarazi dutenez.

Erakundeko segurtasun-zuzendaria den José Manuel López de la Manzanarak diseinatutako dokumentua denboraldi hasieran aurkeztu zitzaion La Ligari. Honek harrera "oso ona" egin zion ekimenari; harrera hain ona, non plana La Liga EA Sports eta LaLiga Hypermotion-eko segurtasun-zuzendariekin egindako batzar batean aurkezteko eskatu baitzioten. Gainerako klub profesionalak eredu hori jarraitzera gonbidatu gura zituzten.

Protokoloaren helburu nagusia pertsonen sexu-askatasunaren aurkako erasoak prebenitzea eta horiei ahalik eta erantzunik onena ematea da. Besteak beste, erasorik ez gertatzeko hainbat prebentzio-neurri jasotzen dira dokumentuan, hala nola estadioko eremu apartatuetan edo argiztapen eskasekoetan langileak izatea, adibidez komunetan edo aparkalekuan. Era berean, protokoloak azpimarratzen du nola jokatu behar den eraso bat gertatzen bada, eta erasoa jasan duen pertsonarekin zein ustezko erasotzailearekin jarraitu beharreko urratsak ezartzen ditu.

“Jende askok uste du futbol-estadioetan ez dela horrelako gauzarik gertatzen, baina vip eremuan, sarbideen kontrolean, aretozainetan dauden emakume horiek esaldi sexistak entzun behar dituzte. Egia da eraso fisikoak ohikoagoak direla beste giro batzuetan, baina zaleen artean ere gerta daitezke baimendu gabeko ukituak, adibidez “, azaldu du López de la Manzanarak.

“Borondate onarekin eta lanarekin egin daitekeen guztia ongietorria da. Gaitz honen aurka borrokatzeko urrats hauek emateaz harro gaude”, azpimarratu du Jon Larreak, Amorebietako presidenteak. Klubak oinarrizko futbolean ere ezarri du protokoloa, harrobiko entrenatzaileei prestakuntza eskainiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!