Martxoak 8

[EGITARAUA]: Zornotzako 1.205 emakume kirolari omenduko dituzte Marixelarre sarietan

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 1a, 13:34

Zornotzako Udalak herriko kirol taldeetako emakumeek egindako lana aitortuko du Marixelarre Sarien aurtengo edizioan. Omenaldi ekitaldia martxoaren 9an egingo dute, 12:30etan, Zelaietan.

Zornotzako Udalak Martxoaren 8ko aldarrikapenei begirako egitaraua kaleratu du goiz honetan. Ainhoa Salterain alkateak adierazi du "hausnartzea, heztea eta kontzientziazioa" lantzea gura dutela prestaturiko ekitaldi sortagaz. Horien artean dago Marixelarre Sarien aurtengo ekitaldia. Edizio honetan, Zornotzako kirol klubetan dabiltzan emakumeak omenduko dituzte. 1.205 bat herritar guztira. Udalerrian 30 kirol taldetik gora dago, eta talde bakoitzeko hiruna kidek jasoko dituzte sariak, gainerako taldekideen izenean. Kirol taldeetan dagoen "aniztasuna eta partaidetza" sustatu gura dituzte ekitaldiagaz. eta alkateak azpimarratu du emakumeek lorturiko "inpaktua eta egindako lorpenak" goraipatuko dituztela. Aitortza ekitaldia martxoaren 9an egingo dute, Euskal Herriko Emakume Nekazarien eta Artisauen Azoka egunean. 12:30ean egingo dute, Zelaietan.

Jon Artabe zinegotziak egitarauko ekintza bakoitza aletu du. "Borroka feministaren garrantzia azpimarratzeko helburuz" prestatutako ekitaldiak dira, "berdintasuna bultzatzea" helburu dutenak. Alde horretatik, Artabek egitasmoetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

EGITARAUA (Martxoaren 8ko aldarrikapenak Zornotzan)

Martxoaren 1etik 22ra

  • Luminiszenteak argazki erakusketa Zelaieta zentroan. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia istorioak Palestinan, Indian, Lakota nazioan eta Euskal Herrian. Inaugurazio ekitaldia martxoaren 1ean egingo dute 18:00etan.

Martxoak 4, astelehena

  • 18:00 - 20:00 Berdintasun berbaldiak jardunaldia Zelaieta zentroko auditorioan. Idazle zornotzar bik parte hartuko dute. Oihane Amantegik eta Lola López de Lacallek.

Martxoak 5, martitzena

  • 18:30 Ipuin kontaketa: 80 amandre. Zelaietako liburutegian.

Martxoak 6, eguaztena

  • 18:00 - 20:00 Gurasoei edo adingabeen tutoreei zuzendutako topaketa Zelaietan: "LGTBI+ sexu-aznistasuna ere gure seme-alaben kontua da".

Martxoak 8, barikua

  • 12:00 Irakurketa instituzionala eta kontzentrazioa udal plazan. (Udalak mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak babestu, eta horietan parte hartzeko deia egin die herritarrei).
  • 17:00 - 20:00 Emakumeen memory jokoa eta txapen tailerra Gaztetxokoan.
  • 20:00 - 23:00 Berdintasuna lantzeko ihes gela Gaztetxokoan.
  • 23:15 Maria Blancoren bakarrizketa Zelaietan.

Martxoak 9, zapatua

  • 10:00 - 15:00 Euskal Herriko Emakume Nekazarien eta Artisauen Azoka Zelaieta parkean, Triki Piu taldeak girotuta.
  • 12:30 Marixelarre sarien banaketa. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!