“Beti eroan izan dut kamera aldean; uneak argazkietan gogoratzea gura nuen”

Igor Galarza 2024ko mar. 1a, 11:30

Zornotzako DePedro argazki dendak ikur eta sari zerrenda luzea du erakusgai sarrerako apaletan. Azkena orain dela gutxi gehitu du. Izan ere, Irudi Profesionalen Espainiako Federazioak (FEPFI) urtero antolatzen duen argazki lehiaketan garaile izan da Jesus de Pedro Garciak (Zornotza, 1954) Urdaibain koartzatxo talde bati eginiko argazkia.

Hainbat sari eta izendapen jaso ostean, tartean Goya sari bat 2019an, zer suposatzen du zuretzat FEPFIren sariak?
Bat gehiago da, baina ohorea da horrelako izena eta prestigioa dituen sari bat irabaztea. Oraindino argazkigintzaren dinamikan zaudela esan gura du, eta zure bizitza osoan egin ezin izan duzun zeozer egiten zabiltzala; hau da, argazkiak zure gustura, libreki, egiten. Eta, gainera, gura dudan beste denbora izaten dut maite dudana egiteko.

Ohitu egiten zara lehia garrantzitsu horietan egotera?
Bai, garrantzitsuena da argazkigintzatik bizi ginela, eta bizi garela, eta hortik bizitzeko hor egon behar dugu. Orain Alex semeak daroa negozioa, eta jendeak argazkilari profesionalak garela ikustea gura dugu, eta argazkigintzagaz gozatzen dugula.

Noiz erabaki zenuen argazkigintza ofizio bihurtzea?
Gazte-gaztea nintzela hasi nintzen argazkiekin lanean. Beste profesional batzuekin kolaboratzen hasi nintzen. Garai hartan, delineatzaile lanetan nenbilen, baina enpresak itxi egin behar izan zuen eta bide bat aukeratu nuen, argazkigintzarena. Eta gaur egun egiten ditugunak eginez hasi nintzen: erreportajeak, saioak, ezkontzak, jaunartzeak… Aldiz, orain dudan afizioa ofizioa landu ostean etorri zen. Gaur egun afizio legez egiten badut, aurretik ofizioan aritu naizelako da.

Nondik etorri zitzaizun afizioa?
Ez dakit, beti eroan izan dut argazki kamera aldean; momentuak argazkietan gogoratzea gura nuen. Ez dakit zergaitik, ez dakit azaltzen nondik sortu zitzaidan afizioa.

Noiz hasi zinen lehiatzen?
Erretiratu nintzenean. Momenturen batean, dendan edo lanen batean semeari laguntzen diot, baina orain denbora gehiago daukat. Depresio bat igaro nuen, eta haize berria behar nuen. Beraz, naturaren eta hegaztien argazkiak egiten hasi nintzen.

Zergaitik?
Oso gatxa iruditzen zaidalako momentu determinatu horiek harrapatzea kameragaz. Ez da ezagutzen duzun leku bati momentu batean argazkia egitea, ekintza bat gertatzen den momentu hori harrapatu behar duzu. Denbora igarotzeko modu atsegina da niretzat.

Zer dute erakargarria hegaztiek?
Euren mugimenduak, momentuek. Argazki irabazlea azaroan egin nuen. Koartzatxoak Urdaibain elkartzen dira garai horretan, eta lotara zetozen denak. Orduan banekien zein argazki gura nuen: koartzatxoen mugimenduen silueta: batzuk geldi, beste batzuk airean…

Argazkigintzan bertsolaritzan legez al da? Hau da, on bat ateratzeko, txar batzuk joan behar direla aurretik.
Bai, baina argazkilariak buruan izan behar du irudiaren diseinua. Horixe da gakoa. Gero, egoera desberdinak daude. Ezkontza batean, esaterako, irudi bat izan dezakezu buruan, baina eguzkiagaitik edo beste faktoreren bategaitik zuk espero ez zenuen moduan irten daiteke. Baina jakin egin behar duzu zer argazki gura duzun. Eta naturan ere antzekoa da.

Zer eduki behar du zuk egindako argazki batek?
Nire argazkia ezin da izan inoiz egingo dudan onena. Ikusten badut naturako argazki batean zeozer hobetu dezakedala, zaude seguru hurrengo egunean leku berera bueltatuko naizela. Ezkontza bateko galeriagaz guztiz gustura ez banago, hurrengo ezkontza ahalik eta lasterren ailegatzea gura izaten dut.

Argazki digitalak ateratzeak laguntzen dizu bilatzen duzuna aurkitzen?
Argi dago kamera digitalagaz aukera gehiago duzula. Analogikoagaz ezin zenituen momentu berean 20 argazki egin, aurrekontuak gora egingo lukeelako. Gainera, ez zenekien zer argazki egin zenuen, eta askoz ere segurtasun handiagoa behar zenuen argazkia egiteko.

Analogikoa ala digitala gurago?
Digitala ezagututa, ez nuke irtengo analogikoagaz argazkiak egitera. Digitalak badu beste abantaila bat: eginiko argazkian lan egiteko aukera duzu. Analogikoan askoz ere gatxagoa da hori. Digitalak irudia zuzenean ikusteko aukerarik emango ez baligu, beste kontu bat izango litzateke, eta beste argazki mota batzuk ikusiko genituzke.

Alexek, zure semeak, bide berdina hartu du. Zelako bizipena da beragaz lan egitea?
Egia esango dizut: berak nik eginikoa ikusi du, eta uste dut gainditu egin nauela. Gainditzen nau, zalea izateaz gainera, profesionala ere badelako. Detaileak asko zaintzen ditu, oso langilea da, kritikoa... Berak orain urte bi irabazi zuen sari hau. 

Demagun ezin duzula Durangaldetik irten eta argazki bat egin behar duzula lehiaketa batera eroateko. Nora joango zinateke?
Ez dut leku kutun bat. Argazkia une eta ekintza batean dago. Agian errekara joan eta bertako txoriak ura edaten ikusten dituzu, edo orain, zikoinak Zornotzara bueltatu direla, bertara zoaz. Beharbada egun batean pinudi batera joango zara eta ez duzu ezer ikusiko; hurrengo egunean joan eta perretxiko polit batek irten duela ikusiko duzu... Edozer izan daiteke argazkigintza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!