'Emakumeak Aberria Eginez' erakusketa ibiltaria Zelaieta Zentrora ailegatu da

Ekaitz Herrera 2024ko ots. 28a, 15:57
Begoña Bilbao Begoña Bilbao EHUko ikerlariak (ezkerrean) azalpenak eman zituen atzo, erakusketaren inaugurazioan.

Erakusketak Emakume Abertzale Batza (EAB) elkartearen historia jasotzen du hamabi panel eta objektu historikoak baliatuta. Martxoaren 11n berbaldia emango dute.

Zornotzako Armendola Kultur Elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak Emakumeak Aberria eginez erakusketa atondu dute Zelaieta zentroko lehenengo solairuan. Erakusketak Emakume Abertzale Batza (EAB) elkartearen ibilbidea aztertzen du dozena bat panel informatibo, testu, irudi, dokumentu, bideo eta objektu aurkeztuta. EHUko aditu talde bat arduratu da EABren ibilbidea ikertzeaz, eta aletutako guztiak liburu batean ere jaso dituzte. "Oso atsegina izan da ikerlan hau. Gauza batzuk lehendik ere ikertuta zeuden arren, ez genekien emakume haiek egindako lana hain inportantea izan zenik", azaldu du azterlanean parte hartu duen Begoña Bilbao EHUko ikerlariak.

Ibilbide mardul baten erakusle

Emakume Abertzale Batza duela 100 urte pasatxo eratu zen EAJaren aterkipean. Hezkuntza arloan, gizarte gaietan eta kultur transmisioan eragin zuen, garaiko emakumeak ahaldunduta. Bere ibilbideko mugarririk esanguratsuenak gerra zibilaren aurreko eta osteko urteetan izan zituen. 1931-1933 urteen artean, adibidez, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako 28.500 emakume zeuden elkartean inskribatuta. Gerora, gerrak eragindako erbestearen ondorioz, beste 30 talde sortu ziren Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. EABk ipinitako beste mugarri bat Araba Sarea izan zen. Elkarteko emakume talde batek espioitza lanak egin zituen 1937-1940 urteen artean, momentu hartan erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzarentzat. Hain zuzen ere, Sabino Arana Fundazioak "hein batean ezezagun izandako emakumeen lana errekonozitu" gura izan du erakusketagaz. Bilbaok bat egin du ikuspegi horrekin: "Emakume haiei izena, deiturak eta aurpegia ipintzen ahalegindu gara. Pausoz pauso nortzuk ziren azaldu dugu, euren eginkizun guztiak jaso. Zor hori genuen beraiekin", gaineratu du.

Erakusketa martxoaren 17ra arte egongo da ikusgai. Hilaren 11n, 19:00etan, Zornotzako emakumeek EABn izan zuten ibilbidea aletuko dute berbaldi batekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!