Zornotzako baserri-auzoak ekitaldiekin dimanizatzea helburu duen programak Eubatik eta San Migeletik ekingo dio bere ibilbideari. Zapatuan, Euban egingo dute Bertokoak Berton egitasmoaren lehenengo geldiunea. 12:30ak aldera talo dastaketa egingo dute. Domekan, berriz, San Migelen egingo dute ekitaldia, ordu berean. Zornotzako Udalak azaldu duenez, programaren lehenengo ekitaldi hauetan aurkezpen eta ongietorri lanak egingo dituzte. Datozen ekitaldiei begira, berriz, garagardo eta gazta dastaketak, ipuin kontaketak, herentziei eta testamentuei buruzko hitzaldiak eta konstelazioei buruzko tailerrak eskainiko dituzte. Etxanon martxoaren 2an egingo dute Bertokoak Berton programaren hurrengo ekitaldia. Boroan, martxoaren 3an.
Ekitaldien helburua "auzoetako bizimodua aberastea eta herriko beste zonalde batzuetako zornotzarrekiko hartu emanak areagotzea" dela esan du udalak. "Estrategia horrek Udalak auzoen parte-hartzearekin eta garapenarekin duen konpromisoa islatzen du, Zornotzako eremu desberdinetako bizilagunen integrazio sozial eta kulturala sustatuz", gaineratu du Ainhoa Salterain alkateak.