"Euskaraz eta euskal kulturaz maitemindu nintzen"

Anboto 2024ko ots. 25a, 11:55

Andrea Bella Garcia (Montevideo, 1978) uruguaitarra Zornotzara etorri zen, urtarril amaieran. Urtebeterako etorri da Euskal Herrira, eta hainbat proiektu garatu gura du bertan, sortzaile legez. Jalgi Hadi Mundura elkarte birtualeko kide da eta Hitzetik harago liburuko ilustrazioak egin ditu, Txaro Diezegaz batera (@eguzkilore.ederra). 

Zerk ekarri zaitu Zornotzara?
Lagunekin egoteko eta euskaraz bizitzeko helburuagaz etorri naiz. Bizitzan norabide aldaketa bat egin gura nuen. Andereñoa naiz Montevideon, 20 urte daramatzat haur eskolan lanean, baina ilustratzaile lanetan jarraitu gura dut nire bidea. Ilustrazioa eta euskara uztartuz, eta Uruguaiko kultura ere batuta, zeozer egin gura nuke. Aurten 300 urte betetzen dira Bruno Maurizio Zabala durangarrak Uruguai sortu zuenetik, eta Filtro ospitaleko gertakarien 30. urteurrena ere bada. Elkarlanean oinarrituriko proiekturen bat garatu gura nuke.

Non jaio zen zure lotura euskaragaz?
Lehenengo lotura euskal dantzekin izan zen, Haize Hegoa euskal etxeko Eusko Indarra taldean. Geroago, ahizparen bideari jarraituz, euskara ikasten hasi nintzen; bera izan nuen irakasle. 2008an, niri ere irakasle izateko aukera sortu zitzaidan, eta Etxepare Euskal Institutuak kudeaturiko Euskara Munduan programagaz hainbat herrialdetako (Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia...) ikasleekin batera eskolak hartu nituen, Internet bidez. Barnetegiak ere egin genituen, Argentinan, Txilen eta Uruguain. Azterketak Argentinan egin nituen.  

Uruguain bizi den euskalduna zarela diozu.
Halaxe sentitzen dut. Uruguain arbasoekin lotuta dago vasco berba. Baina Euskal Herrian euskaraz berba egiten duenari esaten zaio euskalduna. Azaldu ezin den maitasuna sentitzen dut. Euskaraz eta euskal kulturaz maitemindu nintzen. Aitita, amaren aita, asturiarra nuen, eta birraitita galiziarra. Bella abizenak jatorri italiarria du. Baina euskaratik hurbil sentitzen naiz, barru-barruan sentitzen dut. Bada, hemen euskaraz berba egiten ez didatenean mindu egiten naiz. Non gogoa han zangoa dio esaldiak; bada, hementxe nago.  

Euskara irakasten duzu Montevideon. Zerk motibatzen ditu zure ikasleak?
Gehienetan, arbasoengandik jaso duten euskaragazko maitasunak, baina euskara ezagutzean maitasun hori handitu egiten da. Adibidez, nire ikasleetariko bat, Sonia Landaburu, bere birraititaren baserria ikustera etorri zen. Oso hunkituta bueltatu zen, eta oso eskertuta.

Korrikan parte hartzera etorri zinen lehenengoz. 
Bai, eta aurten ere egongo naiz. Uruguaira irakastera joaniko AEK-ko irakasle bik gonbidatuta etorri nintzen, 2001ean. Izugarria iruditu zitzaidan, hunkigarria. Hura ikusita, asko harritzen nau gero jendeak euskara ez erabiltzeak. Gaztemundugaz bueltatu nintzen berriro, 2007an, eta Diasporaren Mundu kongresuan ere parte hartu nuen. Maizpidek lagunduta, 2014an eta 2021ean ere egon naiz hemen euskara praktikatzen. Eta Mintzaneten ere parte hartu dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!