Bizikletaren erabilera sustatzeko programa hasi dute Zornotzako ikastetxeetan

Anboto 2024ko ots. 12a, 10:06

Bizikleta garraiorako tresna modura lantzearekin batera, oinarrizko mantentze lanak, bide segurtasuna eta janzkera landuko dituzte. 

Zornotzako Udalak Amorebieta-Etxano Bizikletaz programa abiatu du herriko ikastetxeetan bizikletaren kultura sustatzeko. Egitasmoa hiru fasetan banatuko dute, eta lehenengo atala Aste Santura arte garatuko dute. Tarte horretan, ikasleek bizikletaren oinarrizko mantentze lanak, bide-segurtasuna, janzkera eta elikadura landuko dituzte. Bizikletak garraiobide legez daukan garrantzia azpimarratzeaz gainera, aisialdian eta kirolean duen eragina landuko dute. Programak jarduera praktikoak ditu. Zirkulazio zirkuituak izango dituzte eskoletako patioetan. Hurrengo fasean, Aste Santutik ekainera bitarteko atalean, kirol eta kultur irteerak egingo dituzte bidegorriak erabilita bizikleta txangoak egiteko. 

Egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeak honako hauek dira: El Carmelo, Lauaxeta, Andra Mari ikastola, Karmengo Ama eta Larrea Eskola. Ikastetxeotako 5. eta 6. mailetako ikasleak dabiltza programan parte hartzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!