Droga-trafikoaren aurkako Ertzaintzaren prebentzio-lanaren barruan, atzo, osteguna, operatibo bat jarri zuten abian Zornotzan, bertako ostalaritza-establezimendu batean.
Ertzainek tabernako barraren barruan zeuden bi gizon identifikatu zituzten, eta delituarekin lotutako hainbat ebidentzia hartu zizkieten, horien artean doitasun-balantzak; prentsatutako substantzia bat, ustez kokaina, 20 gramo inguru; 73 gramo haxix; pilula batzuk; bi mila eurotik gora billetetan banatuta; eta egindako operazioen oharrak zituzten libretak. Informazio horren berri eman du Ertzaintzak prentsa oharrean.
Ertzaintzaren Txakur Unitateak ere parte hartu zuen miaketetan, droga detektatzen trebatutako bi txakurrekin, eta sukaldean substantzien arrastoak aurkitu zituzten, bai eta substantzia begetal bat, ustez marihuana zuen ontzi bat ere inplikatuetako baten ibilgailuaren eserlekuaren azpian.
Ertzaintzak identifikatutako bi gizonak atxilotu egin zituen, droga-trafikoa leporatuta. Durangoko Ertzain-etxean eginbideak amaitutakoan, bi atxilotuak gaur, ostirala, jarri dituzte epailearen eskuetan.