Aroa Blancok eta Maite Lopezek hainbat bider lan egin dute elkarregaz taula gainean. Orain, bien artean egin dute obraren prozesu osoa, hasi eta amaitu. Euskaldun berri eta euskaldun zaharren artean ohikoak diren egoerak ikusiko dira antzezlanean, ikusleari ezagunak egingo zaizkion solasaldi, eztabaida eta txarto-ulertuak. Zornotzakoaz gainera, beste hiru emanaldi gehiago dituzte iragarrita: Galdakaon martxoaren 15ean, Durangoko San Agustin kulturgunean martxoaren 21ean, eta Gernikan maiatzaren 31n. "Ikara apur bat ere badugu, baina, batez ere, gogoa dugu taula gainera igotzeko; beldur apur bat ondo etortzen da erritmoa edukitzeko", esan dute.
Euskaldun zaharroi zergaitik kostatzen zaigu hainbeste euskaldun berriei zuzenketak egitea? Eta zergaitik dute euskaldun berriek heinbesteko bildurra akatsak egiteko?
Maite Lopez: Sarri eduki ditut horrelako solasaldiak, batez ere orain urte batzuk, eta, orokortzea arriskutsua bada ere, esango nuke jende askori gertatzen zaiola; erresistentzia moduko bat dugu jendeari zuzenketak egiterako orduan. Gurago dugu gaztelaniaz aritu euskaraz egiteko ohiturarik ez duenagaz, ez dugulako jendea lotsarazi gura. Hori gainditu egin behar dugula uste dut. Euskaldun berri askori horregaitik kostatzen zaiola esango nuke, ez diogulako zuzenketarik egiten.
Aroa Blanco: Alde batetik, beste hizkuntza bat ere erabili dezakegu, eta hori erosoagoa da, eta gaur egun ez gaude erosotasunetik irtetera ohituta. Baina beldur hori gainditzen ez badugu, ez dugu euskaraz egingo; nik akatsak egin ahala ikasi dut. Gertatu zait etxera joan eta bueltak ematea buruari: 'joe, hemen ergatiboa ez dut ondo erabili eta inork ere ez dit ezer esan'. Edo okerrago, besteen aurpegian ikusi akatsa egin duzula, baina ez dizutela ezer esaten. 'Ados, txarto egin dut, baina zer egin dut txarto?'. Euskal kultura oso serioa dela ikusten dugu, oso intentsoak gara, baina ez litzateke hainbesterako izan behar. Eta horri buruz berbetan hasi ginen Euskaldungak sortzerakoan.
Horren ondoren erabaki zenuten elkarregaz lan egitea?
M. L.: Nahiko paraleloan joan zen. San Agustinen elkarregaz lan egin genuen, eta Karrikaren inguruan ere egon gara. Lagunak ere bagara; beraz, beti genbiltzan elkarregaz zerbait egiteko gogoz, eta oraintxe izan da. Udan hasi ginen benetan geratzen, berba egiten eta idazten. Baina nahiko naturala izan da dena.
A. B.: Euskaltegiko ibilbidea amaitzen nengoen, eta nire istorioak kontatzeko gogoa nuen. Baina, aldi berean, Miss Spein egitetik nentorren; proiektu horretan bakarrik igotzen nuen oholtzara, eta hori gogorra ere egiten da une batzuetan; beraz, gurago nuen norbaitegaz zerbait egin.
Zer esan gura du 'euskaldungak'-ek?
M. L.: Behin lanean hasita erabaki genuen Euskaldungak deitzea obra. Alkoholzale Anonimoak izenagaz antzekotasunak bilatzen eta euskal berbekin jolasten hasi ginen. 'Zer dagokio euskarari?' bueltaka genuen buruan; Euskaltzaindiaren webgunean, 'alkoholikoa' alkoholari dagokiona dela dio, eta 'euskaldungo' hitza euskarari dagokiona, euskal zaletasuna. Berba tontoa dela pentsatu nuen, ez neukan entzunda eta. Eta 'euskaldunga' erabiltzea pentsatu genuen; ez du zentzurik, baina horregaz geratzea erabaki genuen, sonoritatea ere oso tontoa edo barregarria duelako.
Durangoko Azokan bertsio laburrra aurkeztu zenuten. Gustura?
M. L.: Uda inguruan hasi ginen obra idazten, eta urri inguruan Patri Urrutiari deitu genion, kanpoko begirada bat edukitzeko; ordurako prest genuen antzezlanaren bertsio luzea. Szenatokian antzezlan laburrak baino ez dira taularatzen, eta duda genuen, baina Arantza Arrazolak esan zigun bertsio laburragaz joateko. Orduan, laburtu eta tonoa harrapatu genuen Patrigaz.
A. B.: Gure kabuz entseatu genuen, eta Patriri eta Arantzari aurkeztu genien. Zer zuzendu esan ziguten, eta tonoa zelan harrapatu; hau da, denak intentzio bat izan behar duela. Hasieran beste tono bat genuen, jolasetik, baina bortitzagoa zen, rin tin tin moduko bat zuen, eta gure arteko konplizitatea nabarmentzen genuenean hobeto funtzionatzen zuela esan ziguten. Eta horixe ikusi zen Szenatokiko emanaldian. Aukera hori oso ona izan zen horretaz konturatzeko.
M. L.: Hori lortuta, bagenuen lanaren edo helburuaren zati handi bat. Taularatu baino bost minutu lehenago ikara itzela sartu zitzaigun; 'zertan gabiltza hemen?', pentsatu genuen, baina betikoa da hori (barrez).
Ez da lehenengo aldia elkarregaz lan egiten duzuena.
M. L.: Elkarregaz zerbait egiteko gogoa genuen, zerbait "serioa". Aurkezpenak egin ditugu elkarregaz. Eta Patrigaz ere bai aurretik. Ezagutzen dugu, Topaklownen klaseak eman zituelako, eta Karrikako zuzendaria ere izan zen.
A. B.: Proiektu honetan bereziki erraza izan da Patrigaz lan egitea, hasieratik harrapatu zuelako zein den gure asmoa. Ondo ulertu du zer gura genuen eta zer behar genuen. Guk ere ondo ulertu diogu berari, eta ondo moldatu gara esan digunera. Konfiantza handia dugu berarengan, zerbaitek ez duela balio esaten digunean hala dela ulertzeko. Badakigu ikuskizunaren mesedetan esaten digula. Eta berdin Arantzagaz. Biei asko eskertzen diegu eman digutena. Garrantzitsua da kanpotik zer ikusten den jasotzea. Azken finean, eskaintzen duzuna ulertzen ez bada, ez du ezertarako ere balio.