"Basokoipetsu Egunari esentzia dario, ospakizun erraza da, gurea, atsegina, azpiegitura handirik behar ez duena"

Ekaitz Herrera 2024ko ots. 6a, 13:00

Asier Bilbao eta Ander Manterola otsailaren 11rako Basokoipetsu Eguna antolatzen dabiltzan kideetariko bi dira. Ospakizuna, berez, Eguen Gizenaren aurreko domekan izaten da, baina Santa Ageda Egunagaz bat egitea saihesteko, astebete atzeratu dute.

"Guk kanporamartxo esaten dugu etxean. Aita Zaratamokoa dugu eta izendapen hori jaso dugu berarengandik", dio Asier Bilbao zornotzarrak. "Guk, ostera, basokoipetsu erabili izan dugu beti", erantzun du Ander Manterola herrikideak. Sasikoipetsu, baratuste, txitxiburduntzi, kanporamartxo... Ohiturari izen bat ala bestea ipini, Zornotzako euskalgintzan eragiten dabilen herritar talde batek urteak daramatza inauterien aurreko domekan baso aldera joan eta txerrikia burduntzian ipinita, sutan kozinatuta, egun-pasa antolatzen. Hamar urte dira egitasmoa era zabal batean lehenengoz antolatu zutenetik. "Zornotzan 2014an ekin genion Basokoipetsu Eguna era komunitario batean antolatzeari. Ordura arte ere egiten zen hemen, jakina. Etxeetan, ikastetxeetan... Baina urte hartan lehenengoz antolatu genuen era komunitarioan, herritar guztiei begira, zabalik", azaldu du Manterolak. Sasoi hartan, Nañon euskara elkarteko kideak izan ziren egitasmoa modu komunitarioan antolatu zutenak. Azken urteotan, baina, Zornotzako euskalgintzako hainbat kide dabil egitasmoa antolatzen. Aurten ere San Bartolome auzoko ermitara joan eta haren inguruko zelaian ipiniko dituzte sutegiak, musika eta giro sanoa lagun, egun-pasa egiteko. 

Ander Manterolak betidanik izan du Basokoipetsu Eguna etxean ospatzeko ohitura, "umetatik". "Autzaganekoa naiz eta gure etxe ondoan ospatu izan dugu beti", dio. "Guk ere etxe inguruan ospatu izan dugu. Eta Garain, amaginarrebarenean ere ospatu izan dut, baserriaren kanpoaldean. Basokoipetsua ospakizun familiar modura ulertu dut beti. Nañonegaz hasi ginen ohitura herri osora zabaltzen", azaldu du Bilbaok. Manterolak gaiari buruzko interesa agertu du, eta aitortu du hor ibili izan dela, han-hemenka, ohiturari buruzkoak irakurtzen. "Baina argi utzi gura dut ez garela etnografian adituak, e?", dio barrez. "Basokoipetsua garizumagaz lotzen da sarri, baina nire ustea da inauteriekin eta bereziki udaberriaren esnatzeagaz lotuta dagoela. Basora joate hori, kanpora joate hori, udaberriaren esnatzeagaz lotzen dela esango nuke. Ohituraren arrazoia garizuma bada, orduan etxean ospatuko zela iruditzen zait", adierazi du. Asier Bilbaok ere azpimarra egin dio ideia horri: "Egitasmoak berak dituen askotariko adierek ere hori iradokitzen dutela esango nuke. Kanporamartxo, sasikoipetsu, basokoipetsu... basora joate hori, kanpora joate hori, ez da etxean ospatzen, kanpoan baino", gaineratu du. 

Ekitaldi jendetsua
Zornotzako basokoipetsuak 100 bat herritar batu izan ditu azken hamar urteotan. Iaz, adibidez, hiru sutegi eta gura adina ikatz ipini zuten. Sagardoa ere eskaini zuten. "San Bartolome bete-beterik egon zen. Dena dela, ez da masifikaziorik egoten. Oso ekitaldi polita izaten da", esan du Manterolak. "Eta esango nuke esentzia darion ekitaldia dela. Gurea, gure ezaugarriak dituena. Erraza da, atsegina, azpiegitura berezirik behar ez duena", dio. Bilbaok ere "ospakizun txikerra" dela dio: "Gustura ospatzeko ekitaldia da, euskaldunen sarea handitzea eta euskaraz berba egitea ahalbidetzen duena. Eta euskalduna ez dena ere integratzen duena". Zornotzar biek ohiturari eusteko borondatea agertu, eta egitasmoan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Otsailaren 11n, udaletxearen atzeko kalbariotik irtengo dira San Bartolome ermitarantza, 10:00etan. Txerrikia eta makilak norberak eraman beharko ditu etxetik. Eta jaiaz behar den moduan gozatzeko, giro sanoa eta irribarrea ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!