Itzalean ezkutatzen dena argitzeko asmoz, 'Moor Krad'

Anboto 2024ko urt. 31a, 09:27

Ertza dantza konpainiaren lana da 'Moor Krad'; Zornotza Aretoan izango da emanaldia, barikuan, 20:00etan. 

Norberak bere bizitzan zehar pilatzen duen motxila husteari buruz berba egitea proposatzen du Ertza dantza konpainiak Moor Krad bere azken lanean. "Puruak jaiotzen bagara ere, gure izaeraren zein alde gordeko dugun erabakitzen igarotzen ditugu haurtzaroa eta gaztaroaren zati handi bat; aurrerago, ostera, zaku hori zelan hustu asmatu ezinean igarotzen dugu", azaldu dute konpainiatik. "Funtsean, itzalean ezkutatzen dugun horri buruz gabiltza", gehitu dute. Dantzarien mugimenduak doinu elektronikoek ezarritako erritmoetan oinarritzen dira, eta Iosu Yereguik zuzenean abesten du ikuskizunean zehar; Yereguik ez ezik, Valerio di Giovannik, Rafke van Houplinesek, Pilar Andresek, Denis Martinezek eta Thiago Luiz Almeidak egingo dute dantzan. Dantza garaikidea eta crump-en moduko dantza urbanoak uztartzen dituzte. Emanaldia Zornotza Aretoan izango da, 20:00etan hasita. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!