Zornotzako Udalak 'Bertokoak berton' programa jarri du martxan

Aitor Ruiz 2024ko urt. 29a, 10:25

Programak auzoetako jarduerak batzeko helburua du, kultur, kirol eta gizarte-jarduerak sustatuta.

Zornotzako Udalak auzoak integratzeko eta dinamizatzeko prozesua hasi du. Horretarako, Ainhoa Salterain alkatea auzoetako bizilagunekin bildu da. Bilerak Bertokoak berton programaren parte dira eta kultura, kirola eta arlo soziala barne hartzen ditu. Bilerak Boroa, Etxano, Euba eta San Migel auzoetan izan dira.

Alkateak herriguneko jarduerak auzoetara zabaltzea garrantzitsua dela esan du: "Auzoetara jarduera ezberdinak hurbildu nahi ditugu, eta auzokideekin jarduera eta ekimenetan parte hartu". Bizilagunen ekarpenak jasotzea garrantzitsua dela berretsi du alkateak.

Udalak esku-orriak banatuko ditu landa-eremuetako bizilagunak informatzeko. Gainera, esku-orriak proposamenak idazteko zati bat izango du eta Udaletxean eta Zelaietan jarriko diren postontzietan utzi ahalko dira. Udalarekin harremanetan jarri nahi izanez gero, HAZen bitartez, 94 630 00 02 zenbakira deituta, edo bertokoakberton@amorebieta.eus helbidera idatzita egin daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!