Ainhoa Salterain alkatea eta Alicia Hernández zinegotzi sozialista Iñaki Arriola Garraio sailburuagaz eta Pedro Marco Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeagaz batu dira Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Alde bietako ordezkariak bat etorri dira Zornotzako kale nagusi bitatik igarotzen diren trenbide pasabideei konponbide bat eman behar zaiela iritzita. Azterlan bat egitea adostu dute, eta honako hau izango da helburua: "hirigunean trenbidea integratzea, batez ere". Eusko Jaurlaritzako eta Zornotzako Udaleko iturriek azaldu dute "erronka konplexua" izango dela, baina onartu dute "premiazkoa" dela "ingurumen alderdiak bateratuko dituen konponbideari heltzea".
Jaurlaritzak gogoratu du azken hiru urteotan 11 milioi euroko inbertsioak egin dituela Zornotzan. 2021ean Bilbo-Bermeo lineako geralekua berritu zuten, eta ondoko pasaguneko lanak ere egin zituzten. Gaur egun, Euba-Bernagoitiko pasagunea kentzeko obrak egiten dabiltza. Bernabeitiako trenbide pasagunea kentzeko lanak ere datozen hilabeteetan hasiko dituzte.