“Zornotzako emanaldia zirkulu bat zarratzea izango da; kalean dantzan ikusi nautenek ikasi dudana ikusiko dute”

Aritz Maldonado 2024ko urt. 19a, 12:30

Vlad Ion (1994) zornotzarrak herrikideen aurrean estreinatuko du gaur 'Shalott', Zornotza aretoan, 20:00etan; Guillem Batllegaz batera egingo du dantza garaikide emanaldia, eta, besteak beste, denboraren joana islatuko dute

Vlad Ion zornotzarra hamahiru urtegaz hasi zen dantzan, Andramaria plazaren alboko skate parkearen inguruetan. Orduak igarotzen zitu en parkean dantzan. "Nire lagunik onenarekin eman nituen lehengo pausoak. Gero, bere lehengusuak breakdance egiten zuen eta irakatsi egin zigun; orduan maitemindu nintzen dantzaz", adierazi du dantzariak. Urte batzuk bere kabuz ikasten egon eta gero, Marijose Bayon gurutzatu zen dantzariaren bidean. "Beste mundu bateko ateak parez pare zabaldu zizkidan", gaineratu du. Bestel dantza mota batzuk erakusteaz gainera, eszenan zelan egon, eta dantza bera modu profesionalago batean ulertzen lagundu ziola azpimarratu du; lehiaketetan ere aritu ziren, gainera. "Nik dantza urbanoak baino ez nituen jorratzen, hip-hopa, housea, poppinga, breakinga... Lehiaketei eskerrak Natalia Garcia Muro ezagutu nuen, eta beragaz dantza garaikidea. Niretzat mundu berri bat zen hori, hasieratik liluratu ninduena", esan du. Ondoren, Bartzelonara joan zen trebatzera, Varium eta Fre3 Bodies eskoletara. Egun, dantza irakaslea ere bada, eta, besteak beste, Ziomara Hormaetxe, Nadine Gerspacher eta Clémentine Télésfort dantzariekin lan egin du. Vlad Ion pozik dago, skate park inguru horietan ikasten hasi zena herrikideen aurrean erakutsi ahal izango baitu gaur, barikua, Zornotza Aretoan, Shalott-en estreinaldiagaz. Guillem Batllegaz batera sortu du pieza, Camille Hinsingerren laguntzagaz eta Miguel Marin Pavonen musikagaz. "Zirkulu bat zarratzearen modukoa izango da", argitu du Ionek.

 

Interpretatzaile profesional legez Zornotzan dantza egingo duzun lehenengo aldia duzu. Gogotsu zaude?
Bai. Niretzat amets bat betetzea da etxera bueltatu eta nire ibilbidean zehar ikasi dudana jendeari erakutsi ahal izatea. Ni parkean, kalean, dantzan ikusi nautenei ikasi dudan guztia erakustea zirkulu bat zarratzearen modukoa izango da. Ia ilusio handiagoa egiten dit ezagun ditudan horien aurrean hori partekatzea, antzoki erraldoi batean dantza egitea baino. Esango nuke konexioa benetakoagoa dela horrela.

Imajinatzen zenuen honaino helduko zinela?
Ez. Baina imajinatzen nuena ere asko aldatu da. Pentsa, ni breaking-agaz hasi nintzen, dantza urbanoagaz, dantza garaikideagaz alderatuta guztiz desberdina den mundu batean. Desberdinak dira, errotik; kalekoagoa da bata, eta eskolakoagoa bestea, maitasunez diot, burgestxoagoa. Mundu bi horiek nigan batu dira, eta horri eskerrak gauza gehiago egin ahal izan dut. Ez dakit zein dudan gustukoago, baina nigan alde sortzaile hori mantendu ahal izan dut horri eskerrak. Errutinatik irten eta edozer egiteko aukera izan gura dut, eta dantzak horixe ematen dit.

Afizioa ofizio duzu orain. Beldur zara errutina bihurtu daitekeelako?
Errutinak ez nau beldurtzen. Hain zuzen ere, artistarik gehienek legez, egonkortasuna da bilatzen dudan kontuetariko bat. Baina errutinari beldurrik ez. Hasteko, dibertsitate handia dagoelako gure mundu honetan; lan egiten duzun proiektu bakoitza desberdina da, taldea berria delako, edo koreografoa berria delako, adibidez. Gehiago gertatzen zait nire dantzaz maiteminduta jarraitzeari eustea; hau da, zerbait berria aurkitu eta gero, monotono ez bilakatzea. Nire ustez, hori gorputzari entzuteko tarterik hartzen ez dugulako gertatzen da. Gaur egun, bizimodua lan mundura begira dago, asko ekoitzi behar da; niretzat etxera bueltatzea reset egitea da, gorputzari entzuteko tartea hartzen dudalako. Monotonia horretara heldu naiteke, baina dantzaz nekatzera ez. Klaseak eman ditudanean ere, jendea dantzan ikuste hutsagaz gozatu egiten dut; egunetan egon naiteke dantzariei begira.

Artista askok Madril edo Bartzelona aldera jo dute formakuntza jasotzera edo lan bila. Ikusten duzu aukera ibilbide hori hemen egiteko? Bueltatuko zara?
Pertsonalki, hemengo jendeagaz konektatzeko beharrizana dut, eta uste dut, gainera, hemen ere aldaketa bat gertatzen ari dela; adibide legez, Natalia Garcia Muro eta Matxalen Bilbao formakuntza saio bat ematen dabiltza, edo badago beste espazio bat, Mutis, sortzaileen topagune dena. Ni oraindino ez naiz egon, baina badakit ideia asko sortuko direna bertan. Dantza urbanoetan ere aldaketa hori izaten ari da; belaunaldi berriak indartsu datoz, serio hartu dute, eta zarata asko egiten dabiltza. Apurka hazten joango da, eta ni neu ere ahaleginduko naiz nire ekarpena egiten. 

Bestalde, nik asko gozatzen dut Bartzelonaren alde kulturala, baina, ez dakit zelan esan, bizimodu aldetik beste gauza bat da. Zu eta zure sorkuntza harmonian ikusi gura badituzu, hemen beste mota bateko energia dago; are gehiago, kultura arloan ere, Bartzelonan ez dauden beste kontu interesgarri batzuk daude hemen. Niretzat horixe da interesgarriena, jendeak partekatzeko gauzak edukitzea, eta hori han zein hemen dago. 

 

(Arg: Aurelie Veyrat).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!