Alexandru Ionita gazteari emandako jipoiagaz lotuta zazpi pertsona epaitzen hasi dira Bilbon

Ekaitz Herrera 2024ko urt. 15a, 10:22

Zazpi akusatuak adinez nagusi dira. Ionitaren gurasoak Bizkaiko Auzitegian deklaratzen dabiltza ordu honetan. Otsailaren 24an Ionitaren aldeko kontzertu solidarioa egongo da Zornotzan.

Alexandru Ionita gazte lemoarrari Zornotzan emandako jipoiagaz lotuta, Bizkaiko Auzitegiak zazpi pertsonen kontrako epaiketa hasi du goiz honetan. Familiako iturriek hedabide honi esan diotenez, "hilketa saiakera" leporatzen diete zazpiei. Ordu honetan Ionitaren gurasoak dabiltza deklaratzen. Era berean, EITB taldeak jaso duenez, Ionitaren familiak, "espetxeratze iraunkor berrikusgarria" eskatzen du akusatuentzat. 

Familiako iturriek jakinarazi dutenez, Alexandru Ionita "apurka-apurka" dabil aurrera egiten. "Ahotik jaten du, eta berba batzuk egiteko gai da. Momentu honetan Bilbon dago ingresatuta, epaiketa dela eta, nahiz eta Bartzelonan egiten dituen errehabilitazio lanak", jakinarazi dute. "Amak auzia bukatzea baino ez du gura. Auzia amaitzea, eta errehabilitazio lanetan kontzentratzea", gaineratu dute. 

Jaialdi solidarioa

Otsailaren 24an, Alexandru Ionitaren aldeko jaialdia egingo dute Zornotza Aretoan. Gospel Bilbao taldeak kontzertua eskainiko du arratsaldeko 18:30etan. Sarrerekin baturiko diru guztia Ionitaren errehabilitazio neurologikoa finanantzatzen laguntzera bideratuko dute. Ekitaldirako sarrerak 677208128 telefonoan edo Zornotzako Reciklame kopistegian eskuratu daitezke. 

Ionita 2021eko uztailaren 24tik 25era bitarteko gauean jipoitu zuten. Segurtasun Sailaren esanetan, erasoa Jauregibarria inguruan gertatu zen, eta buruan emandako kolpeengaitik konortea galduta eta larriki zaurituta eraman zuten Gurutzetako ospitalera. Ertzaintzak ikerketa bat ipini zuen martxan gertaturikoa argitzeko, eta ikerketa horren barruan 16 gazte atxilotu zituen. Erdiak adingabeak ziren. Iaz, adin txikikoak ziren zortzi gazte epaitu zituzten. Oraingo honetan, baina, esan bezala, adinez nagusi dira zazpi akusatuak.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!