Jauregizahar auzo inguruak itxura berria izango du laster. Zornotzako Udalak argi berdea eman dio auzoa berrurbanizatzeko proiektuari. 1.300.000 euroko aurrekontuagaz, espazio "inklusiboagoa eta parte hartzaileagoa" sortu gura dute. Ainhoa Salterain alkateak azaldu duenez, "jolasguneak eta atsedenlekuak integratuz, zornotzarren arteko interakzioa eta kohesioa sustatzeko" balioko du proiektuak. Alde horretatik, ingurune "segurua eta irisgarria" sortu gura dute.
Anartz Gandiaga hirigintza zinegotziak gogoratu du Jauregizaharko plazak ez dituela egungo hirigintza estandarrak betetzen. "Plazak ez ditu eserita egoteko guneak eta zirkulazio espazioak behar bezala bereizten, eta ez du leku egokirik eskaintzen klimatologia desberdinetarako. Gainera, hainbat arazo daude, hala nola malda desegokiak dituzten eraikinetarako sarrerak eta argiztapen eskasa. Arazo horiek, zoladurak eta berdeguneak hondatzearekin batera, okertu egin dute haien egoera”, azaldu du Gandiagak.
Auzoa berrurbanizatzeko lanek sei hilabete inguru iraungo dute. Udalak 1.300.000 euroko aurrekontua prestatu du zeregin horretarako.