Bo jaunak agindutakoa betetzera ohituta daude hiru zerbitzariak. Mundua zer litzatekeen irudikatzera jolasten dira batzutan zerbitzariak, beste inoren menpe egon barik. Urte luzez Bo jaunaren menpe egon ostean, "Ez!" esateko aukera berria irten zaie zerbitzariei. "Zer da boterea? nork erabiltzen du? Nola erabiltzen da? Zerk egiten gaitu tirano? Istorio honek jakinarazten digu gutako bakoitzaren barruan tirano txiki bat bizi dela, eta hori zalantzan jartzen eta hezten ikasi behar dela", azaldu dute Marie De Jongh konpainiatik. Horretarako, umorea eta berariaz sortutako maskarak erabiliko dituzte.
Ohiko aktoreek egin dute lan obra berri honetan, Ana Meabek, Ana Martinezek, Aduriña Zurutuzak eta Javier Renovales zornotzarrak. Jokin Oregik zuzendu du obra.
Marie De Jongh konpainia Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Sari Nazionala jasotakoa da. Mr Bo Leioan estreinatu ostean, biran egongo da konpainia datozen hilabeteetan. Otsailaren 27an Feten jaialdian aurkeztuko dute, eta martxoaren 17an, ostera, Durangoko San Agustin kulturgunean egingo dute emanaldia.