Adineko pertsonentzako segurtasunari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazio jardunaldiak Zornotzan

Anboto 2023ko abe. 26a, 12:22

Jardunaldiak etxeko eta kaleko lapurretak prebenitzeko tresnak ematera bideratuta daude, eta Zornotzako udaltzainek ematen dituzte.

Herriko adinekoen elkartearekin batera, segurtasunari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazio jardunaldiak antolatu ditu Zornotzako Udalak. Jardunaldiak etxeko eta kaleko lapurretak prebenitzeko tresnak ematera bideratuta daude, eta Zornotzako udaltzainek ematen dituzte.

Udalak azaldu duenez, lapurreta mota horiek ugaritu egiten dira opor garaian, Gabonetan adibidez, eta, beraz, nola jokatu jakitea oso lagungarria izan daiteke adineko pertsonentzat. Helburu horrekin, udalak adineko talde handi bat bildu du arrisku-egoerak prebenitzeko ekintzak, ohiturak eta jarduteko moduak azaltzeko.

Udaltzaingoak hainbat gomendio eman ditu, hala nola etxetik irtetean atea giltzagaz ixtea, poltsa gorputzari itsatsita eramatea tiradizoak saihesteko, jende asko dagoen lekuetan ez gelditzea eta, era berean, jenderik ez dagoen leku edo espazioetan isolatzea saihestea, leihoetatik gertu (batez ere etxabeetan edo familia bakarreko etxeetan) edo autoetan objektu baliotsuak bistan ez uztea, kutxazain automatikoetan arretaz jardutea, gakoa sartzerakoan atzeko balizko ikuspegiak gorputzarekin oztopatuz, etxeetako ateetan markatzailerik ez dagoela begiratzea, edo etxeko pertsianak sarritan igo eta jaistea (etxetik kanpo egun batzuk egoteko kasuan, senitartekoren bati posta jasotzeko edo pertsianak igo eta jaisteko abisua ematea).

Ezbeharren bat izanez gero, Udaltzaingoak gomendatu du Udaltzaingoari eta Ertzaintzari lehenbailehen jakinaraztea, haiek jardun dezaten eta bakoitzaren osasuna arriskuan jar ez dezaten.

Udaltzaingoaren presentzia handiagoa
Bestalde, Zornotzako Udalak jakinarazi du datozen egunetan udaltzaingoaren presentzia handituko dela merkataritza-guneetan, bankuetan edo bizitegi-guneetan, "ahal den neurrian ebasketa eta lapurreta kasuak saihesteko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!