Artabe neba-arrebek 'Oinatzak Koloreetan' liburua kaleratu dute

Ekaitz Herrera 2023ko abe. 22a, 11:00

Begoña Artabe eta Juan Luis Artabe neba-arreba zornotzarrek euren bizipenekin landuriko pintura koadroak eta poesiak jaso dituzte 'Oinatzak Koloreetan' liburuan.

Margolanak ipini ditu batek. Poesia testuak besteak. Eta argitalpen "hunkigarri eta intimoa" izan da batuketa horren emaitza. Begoña Artabe eta Juan Luis Artabe zornotzarrek Oinatzak koloreetan liburua argitaratu dute, euren bizitzako eta familiako istorioekin eraturiko argitalpen intimoa. "Begoña arrebak margolan batzuk eginda zeuzkan, eta nik poesia ipini diet irudi horiei", azaldu du Juanlu Artabek. "Liburuko bigarren zatian alderantzizkoa egin dugu. Nik poema batzuk nituen idatzita, eta testu horiei margolana ipini die Begoñak. Hirugarren zatian gure gurasoei buruzkoak jaso ditugu", gaineratu du zornotzarrak.

Juanlu Artabek adierazi du familiako istorioak intimoak izan arren, horiei ikuspegi unibertsal bat ematen ahalegindu direla. Neba-arreba biak Luis Urrengoetxea kaleko etxe batean jaiorikoak eta hazirikoak dira, eta han bizirikoak izan dituzte oinarri. Juanlu bera kale horretan bertan bizi da gaur egun ere. "San Juan jaiak, familia arteko istorioak, internazionalismoa, Sahara, bizitzari buruzko hausnarketak... elementu solteak dira guztiak, baina gu bizi eta hazi ginen kale horretan ikusi eta bizirikoak", esan du Artabek. Liburu intimoa neba-arreben ama zenaren azken berbak jasota zarratu dute.

Begoñak eta Juanluk Zornotzako Besue elkartearen egoitzan aurkeztu zuten liburua, joan zen domekan. Bizilagunek eskainiriko epelean eta jaio ziren kalean bertan kokaturiko kultur eremuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!