Lizitaziora atera dute Zubikurtze, Zubipunte eta Zubizabala lotzeko ibilbidea egiteko obra

Anboto 2023ko abe. 18a, 13:09

Zornotzako Udalaren iritziz, obrak "nabarmen hobetuko du herritarren bizi-kalitatea eta irisgarritasuna".

Zornotzako Udalak lehiaketa publikora atera du Zubikurtze, Zubipunte eta Zubizabala auzoak lotuko dituen oinezko ibilbidea egiteko obra. Lanak 101.179 euroko aurrekontuagaz atera dituzte lizitaziora. Obrak egiteko epea hilabete bikoa izango da esleipena egiten denetik hasita. Udalak, lanak udaberrian hastea gura du.

Anartz Gandiaga hirigintza zinegotziak aurreratu du pasealekua metro bi zabal izango dela, eta egurrezko zintarri bi izango dituela alde banatan, ibilbidearen maila berean. Udal iturriek azaldu dutenez, obrak "ingurune berdea auzoetara zabaltzea" ahalbidetuko du, eta, horrenbestez, "nabarmen hobetuko da zornotzarren bizi-kalitatea eta irisgarritasuna". Ainhoa Salterain alkateak adierazi du obrak "lotura bat sortuko duela herriko erdigunearekin, lurralde kohesioa" indartuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!